Monthly Archives: martxoa 2018

Infantilismoa aitzakia gisa?

Edu Apodakak, Lenin gogora ekarriz, ezkerraren infantilismoaren arriskuaz idatzi du Garako artikulu batean, eta “errealismo eta pragamatismoaren konpromiso iraulzailea”ren aldeko aldarria egin du. “Ziurtasun absolutua ezabatu behar dugu geure burutik”; “utopiak eta konpromiso praktikoak kontrajartzea baino erreakzionagorik ez dago”; “garaipena beti aurrerago dagoela sinistea inoiz ez garaitzeko desioa baino ez dela ahaztu barik”. Bat nator berarekin. Horregatik harritu nau infantilismo hori ELAri egokitu dionean, hain justu, ELAren jarduna errealismoan eta pragmatismoan oinarritzen denean.

ELA Hego Euskal Herriko lehen sindikatua da, alde handiarekin, ordezkaritzaren %35arekin eta 100.000 afiliaturekin. Sindikatuak emaitza horiek lortzen ditu errealitatean oinarrituta langileen beharrei pragmatismoz erantzuten dielako; erreminta baliagarria delako langileen eguneroko beharrei erantzuteko.

Garaipenak lortzen ditugu, azkena Beasaingo Antzibar kiroldegian. Ez dute soldatapeko esplotazioarekin amaitu, ez dute sozialismoa lortu, baina beren lan baldintzak hobetu dituzte.

Garaipen hauek, ospatu eta zabaldu egiten ditugu, antzeko egoeran dauden beste zentroetako langileak ere helburu zehatzen bila antola daitezen eta borrokatu dezaten. Eta emaitzak lortzen ditugu.

Ekonomia soial eraldatzailearen alde ere egiten dugu. EHko Laborantza Ganbaran, Euskoa moneta sozialean, I-Enerren, Goienerren, Fiaren, Koop57-n… parte hartzen dugu. Alternatiba “txiki” hauek zabaltzeko Alternatiben herria antolatu genuen Bilbon EHko Eskubide Sozialen Kartaren baitan, eta aurten Iruñean egingo dugu ekainaren 2an.

Sistema aldatzen dute alternatiba hauek? Ez. Baina eguneroko bizitzan sistemaren logikatik aparte bizitzeko, urrats zehatzak emateko, aukera eskaintzen digute eta indarra metatzeko, jendea erakartzeko, proiektu garrantzitsuak dira.

Bai negoziazio kolektiboan, bai EHko Eskubide Sozialen Kartan, bai ekonomia sozial eraldatzailean, bai greba feministan… utopiak eta konpromiso praktikoak uztartzen ditugu.

Apodakak dio, ere, Ezker Abertzaleak “kontrabotere hutsean jarrai dezala” nahi dugula. Ezker Abertzaleaz ari denean alderdi politikoaz edo hautes-koalizioaz ari bada, alderdi edo hautes-koalizioen helburua hauteskundeak irabazi eta gobernatzea dela jakinda, esaten duenari ez diot zentzu handirik aurkitzen. Beste kontu bat da, irabazteko asmoz, aukeratutako estrategiarekin bat gatozen edo ez. Hori beste kontu bat da.

Ostegunean Tuteran izan nintzen bertako ELAko 20 ordezkari berriri ikastaroa ematen (Erriberan %21eko ordezkaritza dugu). 20 horietatik hiru migranteak ziren. ELAren autonomia politikoaz ari nintzela, esan nien “hemen galdezka hasiko banintz, bakoitzak agian alderdi politiko desberdin bati eman dio bozka”, eta afrikar jatorriko batek esan zuen “edo agian ez dio inori bozka eman”. Pertsona horrek ez du topatu bere behar edo interesei erantzuten dion alderdi edo hautes-koaliziorik. Zein hautesle mota bilatzen du EH Bilduk irabazteko?

Suposatzen dut Apodakaren artikulua Ezker Abertzaleko barne eztabaidetan-edo kokatu behar dela. Agian bere asmoa eztabaida horretan hausnarketan sakondu eta bide bat marraztea izan da. Baina niri behintzat, artikuluaren lehen irakurketaren ondoren, soilik hiru gauza gelditu zaizkit buruan: Lenin, infantilismoa eta ELA. Agian hori ere zen bere intentzioa: “ELAren sirena kantu” horiek gainetik kentzeko sindikatua infantilismoarekin lotzea. Agian.

M8ko greba feministak erakutsi diguna

Ez nuen oroitzen koadrilan guztiok gizonak ginela; martxoaren 9an konturatu nintzen. Afal aurreko poteoan txantxak, txisteak. Afal orduan, txotx deietan, “utzi pasatzen horiei, bestela…”, neskak zetozenean . Orduek aurrera egin ahala, iragazkiak ezabatuak, barruko minak, haserreak, erresistentziak, jarrera erreaktiboak. Bezperan, feministek Euskal Herriariari orri bat oparitu zioten mobilizazioen Guinnes errekorren liburuan, eta koadrilan, pozez zoratzen ospakizunetan egon ordez, erretxinduta zeuden batzuk.

M8 magikoaren hamaika irakurketa egin(go) dira, mila eta bat ikasgai atera; nik ere badut nirea: greba feministaren arrakasta Euskal Herriko mgimendu feministak azken urteotan egin duen lan nekagaitzaren fruitua izan da (eskerrik beroenak greba hau posible egin duzuenoi; badakit batzuentzat oso exijentea izan dela; esango nuke Bilboko Alternatiben herria amaitzean idatzi nuen postak ez duela gaurkotasunik galdu).

Helburuak garbi, bideari ekiteko prest zeudenen artean aliantza egin, bide orria, mugarriak, proiektuak… adostu eta aurrera. Emakumeen mundu martxa, feministok prest, indarkeria matxistaren kontrako erresistentzia, festetako antolakuntza, Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba…

Autonomia osoz. Alderdi politiko baten edo bestearen jarrerak baldintzatu gabeko bidean. Diskurtso erradikala, garbia, ahoan bilorik gabe, tonua apaldu gabe, alderdi politiko hau edo hura minduko ote den arduratu gabe, erabakimenez, konplexurik gabe, mugimenduari inongo mugarik jarri gabe, potentzial osoa garatuz: mugimendura  gehitu nahi dena gehitu dadila.

Batzuek barre egingo zieten. “Nora zoazte hauekin edo haiekin kontatu gabe. Horrela ez duzue ezer lortuko. Betiko lau katuak besterik ez…”Zer nolako ikasgaia.

Eta martxoaren 8an magia sortu zen.  Uholdea nonahi. Marea horretan murgilten ez zena itotzeko arriskua zuen. Samara Veltek Berrian esan zuen: “Batzuei kezka sortu zaie, eskuineko alderdiak ere ahalegindu direlako protestaz jabetzen, bezperan grebari kritika biziak egiten zizkietenetako batzuk lanuztera gehitzeraino“.

Atzo agerraldia egin zuen Euskal Herriko mugimendu feministak: “Alderdi politiko batzuek interes elektoralengatik egindako babes keinuak salatu nahi ditugu“. Horixe da mugimendu sozial autonomo indartsu bat. Bere bidea egin, eta alderdiak interpelatzen ditu konplexurik gabe, gauzak garbi esanez. Zer nolako ikasgaia.

Burujabetza prozesua ere halakoxea imajinatzen nuen nik.

Mikroipuina: Jaurlaritza, hezkuntza eta euskara

[Benetako gertaera batean oinarritua]

Datak gainera etorri zaizkigu. EAEk ezin du lotsagarri gelditu berriro. Ebaluatzaileen oin hotsak. Hilabete eskasean hemen dira.

Eskola hautatuetako ehundik gora irakasle Bilbon. Jaurlaritzak goiz osoko trebakuntza saiora deitu ditu: PISA azterketa gainditzeko nola entrenatu ikasleak.

“¿Hay alguna persona que no entienda euskera?” galdetu du trebatzaileak. Esku bat altxa da. “Beno ba, gaztelaniaz egingo dut orduan”. Baina erabili zituen aurkezpeneko diapoek salatu zuten: guztiak espainieraz zeuden.