Monthly Archives: abendua 2013

Hemen duzu hegemonia nahi baduzu

Askotan entzun dut, askotan irakurri, baina zer den ez dakit oraindik. Hegemonia behar dugula bai, baina zer da hori? Nola erdietsi?

Joxe Manuel Odriozolak Berria-n igande honetan zioen: “Nire ustez, nazio menderatu batean jaio denak ez lituzke inposatu dizkioten hizkuntza, kultura, identitate eta gainerako naziotasunaren ezaugarriak inola ere onartu behar. Baina normalena onartzea izaten da, inposizio estrukturala ez delako inposiziotzat hartzen naturalizatua dagoen heinean.”

Inposizio estrukturala naturalizatua. Printzatxo ederra hegemoniaz: Naturala ez dena naturaltzat hartu.

Hemen beste pistatxo bat Eduardo Apodakak Berria-n emana: “Badakite ez dagoela jendea edukatzerik limurtu nahian mezu esplizituak igorriz, ezta jokamoldeak teorikoki irakatsiz, badakite Hezkuntzaren eragilea inguru soziala dela, jardueraz eta jokaeraz ehundutako edukazio-faktoria. Eskola oso eragile garrantzitsua da, baina ezin du berez jendea nahikara aldatu, ezinean ibiltzen da hedabideen, legeen, erakundeen edota familien irakaspen naturalek laguntzen ez badiote. Wertzaleek, ordea, badakite, inguruko indarrak alde edukita, Eskolak euren neurrira antolatuz gero irabazi egingo dutela.”

Inguruko indarrak alde edukita (hegemonikoak izanda?) eskolak euren neurrira antolatu. Eskolek ez dute miraririk egiten, umeak gizartean edoskitzen dutena izango dira. Normalak izango dira, gizartean naturala dena, horixe egingo dute; bizitza normala.

Baina gauzak alda daitezke gauza normalak eginda? Jule Goikoetxeak zera diosku Naiz.info-n: “Nuestro mayor problema son todos aquellos hombres y mujeres que se identifican de izquierdas y no hacen más que reproducir la violencia contra las mujeres mediante su falta absoluta de implicación.”

Inplikazioa eskatzen du. Geure aldetik zerbait egitea. Bizitza arruntarekin jarraitzen badugu emakumeen kontrako indarkeria birsortzen dugu, ez dugu ezer aldatzen. Hau da, ezin dugu jokatu indarkeria sexistarik ez balego bezala patriarkatua hegemonikoa denean.

Torrealdaik halako zerbait dio ere Berrian: “Garai batean militantismo jakin batekin lotzen genuen euskara, bakoitzak beretik ematearekin. Kanpaina handia egin da hori konnotazio negatiboekin lotzeko. Eta, jakina, euskarari eutsi behar zaionean, ez dago inor. Instituzioek hizkuntz eskubideak norberarenak direla eta hizkuntza norberak aukeratzen duela esanez egin duten kanpainak kalte handia egin du.”

Gaztelania eta frantsesa hegemoniko direnean ezin da pentsatu euskarak aurrera egingo duela ezer berezirik egin gabe, inplikatu gabe, militantziarik gabe.

Iruditzen zait azken aldian asko aipatzen dela mobilizazio irudimentsuak egin behar direla: lipdup, me gusta, bideo bitxiak… Jendeak ez duela rollo txarrik nahi, jendeak ongi pasatu nahi duela. Eta beldur naiz ez ote den hegemonikoa den ideologiak hegemoniko bihurtu nahi duen mobilizazio mota, guztiak berdin jarrai dezan. Gauzak aldatu nahi baditugu, hegemonia eskuratu nahi badugu, beste batzuei kendu beharko diogu, eta horretarako majo izerditu beharko dugu. Ez al zaizu iruditzen?