Monthly Archives: uztaila 2017

Gasteizko udaltzaingoa, PL2 eta ELA

euskarazBiziNahiDutBigarren aldia da berbera gertatzen dela. Orain dela hilabete edo urte gutxi batzuk, elur bolatxo bera bultzatu zuen maldan behera  norbaitek, interesatuki, bueltaka-bueltaka erraldoi bihurtu eta, jendearen nahasmenaren artean, ELAren lokalaren kontra jo zezan.

Kontua oso sinplea da, eta horregatik hemen azalduko dut, asmo oneko jendeak istorioa erraz uler dezan, benetan erraza baita:

Gasteizko udaltzainen artean mugikortasun prozesu bat abiatzen da. Eskaintza ateratzen denean, ez da zerbitzu guztietan euskara eskatzen. Arbitrarioki  hautatutako zenbait postutan soilik eskatzen da euskara.  Guk esaten dugu hori ezin dela izan. Udaltzaingoko zerbitzu guztietan eskatu behar dela euskara, herritarrei arreta euskaraz bermatu ahal izateko. Nola konpon daiteke hori? Nola lor daiteke euskarazko arreta Gasteizko Udaltzaingoan postu gutxi batzuetara ez mugatzea? Aurreko eskaintzari demanda bat jarriz. Eta horixe izan zen egin genuena, eta horixe izan da orain irabazi duguna (udalak eta udaltzaingoko jefaturak gauzak gaizki egin zituztelako).

Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du aurreko eskaintza bertan behera gelditzen dela, eta eskaintza berria egin behar dela, udaltzaingoko zerbitzu guztietan euskara bermatuz. Hau da, erabakia ona da euskaraz bizi nahi duten Gasteizko biztanleentzat, eskaintza berrian arreta euskaraz jasotzeko aukera zerbitzu guztietara zabalduko baita.

Zer gertatzen da? Epaia sartzean mugikortasun prozesu hori hasi aurretiko egoerara itzuli behar luketela udaltzainek (horrek ekarriko luke arreta zerbitzu zentralera PL2 gabekoak itzultzea). Dena den, anabas handiegia ez sortzearren, saiatuko da eskaintza berria azkar egin eta udaltzainak zuzenean postu berrira pasatzen, lehengo lekura itzuli gabe. Horregatik ari gara epaia urtarrilean indarrean sar dadin saiatzen (printzipioz irailean sartuko litzateke), ez daitezen udaltzainak eskaintza aurreko postura itzuli, ondoren eskaintza berriko postura pasatzeko; eta bide batez, arreta zerbitzu zentralean ez gaitezen itzuli, epe laburrerako bada ere, zerbitzua euskara bermatu gabe ematera.

Gauzak hala izanda, irakurri orain Noticias de Alavan larunbatean argitaratu zuten albistea. Zer iradokitzen dizue? Balirudike ELAk udaltzainei euskara exijitzearen kontra egiten duela, hain justu egia alderantzizkoa denean. Jakina, behin albiste hori eskura izanda, estima handirik ez digun jendeak badauka munizioa gure kontra kargatzen jarraitzeko, hain da jolas erraz eta bihotz-altxagarria!

ELA euskararen aldeko agente aktibo bat da, eta halaxe izaten jarraituko du, azken kongresuan onartu genuen “EUSKARAZ LAN EGITEKO ESKUBIDEAREN ALDE
ASIMILAZIO KULTURALAREN KONTRA” ebazpenak dioen moduan.

PL2NoticiasAlava

“Qué hay de lo mío”

Errenteriko-TAO

Argazkia Oarsoaldeako Hitzatik hartua

Errenteriako udalak TAO zerbitzua publifikatzea erabaki du. Albiste ona. Zerbitzu publikoak pribatuak baina hobeak, demokratikoagoak eta eraginkorragoak dira. Pribatizaziok, azpikontratazioak, zerbitzuen garestitzea dakar. Eta zerbitzua garestitzen ez duen kasuetan, langileen prekarizazioa.

TAO zerbitzua enpresa pribatu batek eman du Errenterian azken 25 urteotan. Horrek esan nahi du zerbitzu hori ematen pertsonak aritu direla, gizonak eta emakumeak, langileak. Eta hemen topatzen gara gakoarekin: publifikazioan zer gertatuko da langile horiekin? Bi aukera daude: udalak tokia ematen die publifikatuko duen zerbitzuan (zerbitzuan duten esperientzia kontuan hartuta) edo kalera doaz.

Dirudienez, Errenteriako udalak bigarren aukera hartu du, eta TAOko bederatzi langileak kalera doaz. Beraien artetik denbora gutxien daramanak 15 urte egin ditu lanean TAOn. Badaude hasiera hasieratik, 25 urtez beraz, bertan lan egin dutenak ere. 50 urte inguruko gizon eta emakumeak dira, batzuk urte gehixeago dituzte, beste batzuk gutxixeago. Hartu denbora tarte bat. Jarri zaitezte une batez haien azalean.
Langile hauek ez zuten aukeratu enpresa azpikontratatu batean lan egitea ideologiagatik. Langile hauek lanean hasi ziren Udalak azpikontratatutako enpresa pribatuan bizitzeko soldata behar zutelako. Soldata bat beren bizitza aurrera atera ahal izateko.

Baldintza kaskarrak zituzten hasieran. Sindikatuan antolatu, borrokatu, eta urteetan zehar lan baldintzak hobetzen joan dira. Zerbitzu azpikontratatua da, baina baldintza txukunak lortu dituzte urteekin,antolakuntza eta borrokari esker. Urteetan kolektiboa indartu egin da.

Urte hauetan guztietan Errenteriako udalarentzat, urtez urte, egunez egun, goiz eta arratsalde lanean ibili dira, enpresa pribatu batean, azpikontratatuak, baina zerbitzua udalari ematen. Gogoratu udalaren erabakia izan zela pertsona hauek langile publiko ez, baizik enpresa pribatuko soldatapeko izatea. Bada, orain, udalak zerbitzua publifikatuko duela, teorian zerbitzuak eta lan baldintzak hobetzeko, orain ez du langile hauekin kontatzen. Ez die aukerarik ematen orain arte pilatu duten esperientzia guztia udalaren zerbitzura erabiltzen jarraitzeko. Kalera doaz.

Kalera doaz, horrek sortzen duen beldur, ezegonkortasun, inpotentzia, amorru, haserre, ezintasun guztiarekin. Baina urte hauetan lortu duten indar kolektiboa ez da alperrik, eta ez dira burumakur, etsita geldituko. Borrokara jo dute, beraientzat irtenbidea baitagoelako. Beste herri batzuetan badaude adibideak. Borondate politikoa behar da: elkartu, bildu, eta irtenbidea bilatu.

Atzo 5 eguneko greba abiatu zuten. Manifestazioa egin zuten eta kartelak jarri zituzten kalean. Horren harira @birasuegi lagunak (Errenteriako udalean lan gatazka dagoenean arerio bihurtzen gara; arerio sano, esango nuke), txio hau bota zuen:

QueHayDeLoMio
Borroka batek ez ditu beste borroka batzuk estali behar. Badago lekua kartelak jartzeko batak bestea zapaldu gabe. Askotan, gainera, borroka horiek osagarriak dira. Beraz, argi dago kartel horiek ez zirela hor jarri behar. Izan ere, ELAk barkamena eskatu eta kartelak kendu zituen.

ELAtxioa

Dena den, @birasuegi-ren txio horretan pare bat gauzek deitu zidaten arreta:

1. Langile hauek seguru aski ez dira ibiliko egunerokoan borroka desberdinetan kalean. Langile hauek borrokan ari dira soldata behar dutelako, eta urte asko lanpostu berean egon ondoren oso adin txarrean (langabeziara joateko adin onik badago) kalera joateko arriskua dutelako.

2. “#quehaydelomio hutsa”. Borrokalarien eskala, efectivamente, que hay de lo miotik has daiteke. Langile borroka que hay de lo miotik hasten da. Sindikalismoa que hay de lo miotik abiatzen da, bizitzeko soldata behar duten langileen que hay de lo miotik que hay de lo nuestrora. Behin nolabaiteko segurtasuna daukanak borrokalari eskalan gora egin dezake… edo ez.

Kalera joan daitekeen langile batek bere lehen manifestazioa orduantxe egin dezake, bere ogibidea galtzear delako. Kalean lehen oihuak orduan bota ditzake. Orduantxe jar dezake bere lehen kartela kalean (toki desegokiren batean, agian).

Akaso, lehen aldiz egiten dituen gauza horiek guztiak bere lehen urratsa izango dira eraldaketaren alde abiatuko duen borrokan. Edo ez. Baina ez da horregatik gutxietsi behar.