Monthly Archives: otsaila 2016

Enpresa kultura berria, legala ala zilegia?

Tabakalera ADEGI

(Argazkia Noticias de Gipuzkoatik hartua)

Gardentasuna, partaidetza, demokrazia… enpresa kultura berri baterako zutoinak Tabakaleran.Areto berria, taburete modernoak eta zenbait langileren testigantzak. Arantza Tapia lehen lerroan, ADEGIko kamiseta eta bufandarekin, bere taldea sutsuki animatzen.

Nik ezin izan nuen joan, baina han transmititu zenari lotuta, pentsatu genuen, gardentasun, partaidetza eta demokraziara bidean, ongi legokeela martxoaren 8an Tabakaleran bertan ekitaldia egitea emakume langileek pairatzen duten prekarietate gordina ezagutzeko testigantza desberdinekin. Ezin. Tabakaleran esan digute sindikatuek ezin dugula ekitaldirik egin bertan. Patronalak bai, sindikatuak ez. To demokrazia eta partaidetza.

Dena den, harrituta naukana beste kontu bat da: beti hain pragamatiko izan diren erakundeek, ADEGI, Jaurlaritza, EAJ… nolatan jo duten oraingoan utopiara. Egun lan munduan bizi den egoera ezagututa, ez ote den maximalista izatea enpresetan gardentasunaz, partaidetzaz eta demokraziaz hitz egitea. Ez gaizki ulertu! Ados nago utopiarekin, idealek bultzatuta ekitearen, bizitzearen alde nago. Saiatu, ere, hala saitzen naiz, baina zein zaila den!

Management berriari buruzko literatura guztiak aipatzen du. Lanean zabiltzanean zure idealei jarraitu. Egiten duzuna egiten duzula, komunak garbitu, propaganda orriak etxez etxe banatu, patatak frijitu, agureak paseatu, telefono deiak jaso… mundu hobea eraikitzen ari zarela sentitu, sinetsi, pentsatu. Horrela duzun hoberena emango duzu. %100ean entregatuko zara egiten duzun horretara.

Gertatzen dena da, langile gehienak behartuta daudela edozer lan edozer baldintzatan onartzera biziraungo badute. Hau da, gutxienak dira nolabaiteko segurtasuna bermatuta, bere lanpostuan beren idealak bilatu ditzaketenak. Aukera dutenek hala egitea oso ongi dago, eta ongi dago ere management berriak hori esatea, baita Arantza Tapiak hori sutsuki txalotzea ere; baina, gero, praktikatu, mesedez.

Hortaz, niri ongi iruditzen zait ADEGI eta Jaurlaritzak enpresetan gardentasuna eta partaidetza bilatzea, utopia horren atzetik ibiltzea, utopiak aurrera egiteko balio baitu. Dena dela, ongi dago ere, aurrera egite horretan urratsak definitzea, pausoak ematea. Esan nahi dut, pentsatu genuen enpresetan gardetasuna, partaidetza eta demokrazia lortze aldera, lagungarria litzatekeela zerbait erraza eta egingarria proposatzea, maximalista izan gabe. ILP bat aurkeztu genuen, 110.000 sinadura lortuta, administrazio publikoko azpikontratetan gutxieneko lan baldintza batzuk bermatzeko asmoz, klausula sozial batzuren bitartez. Ezetz esan ziguten. Hori onartuz gero, obra publikoak, adibidez, ezingo zituztela esleitu duten kostuaren azpitik.

Langileak 4-5 euro kobratzen ari dira orduko obra publikoan. Zenbat miseri, zenbat txantxullo, zenbat iruzur, zenbat interes klientelar… Zenbat denuntzia, zenbat salaketa, zenbat mobilizazio, zenbat bilera UTEetako aholkulariekin. Ia beti aholkularitza berbera. Arantza Tapiaren alderdiaren gertukoa. Jende prestatua, ongi irabazten duena, baldintza onak dituena, segurtasun bat baduena, idealen arabera lan egiteko aukera duen horietakoa. Bina langileek 4 euro orduko kobratzen dutela entzunda “badakizu lan erreforma onartu zenetik legezkoa dela langileen estatutua aplikatzea; enpresek hori egin dezakete. Agian ez da zilegia, baina legezkoa bai. Halaxe dira gauzak…”.

Arantza Tapiak enpresa kultura berria txalotzen duen bitartean, bere gobernuak enpresa piratak kontratatzen ditu, eta aholkulari finak jartzen ditu enpresa pirata hauek egiten dutena babestu eta bultzatzeko. Agian, bai, beren ideala bultzatzen ari dira, Intermon Oxfamek jakitera eman duena hain zuzen: 62 pertsonek munduko populazioaren erdiak baina aberastasun handiago dute.

Advertisements

Jaurlaritzak, pertsona helburu. Baina zer pertsona?

IgualdadEquidad1

Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen erabaki politikoak ezagututa, kalean, telebistan edo metroan “Pertsona Helburu” publizidade kanpaina ikusten dudan bakoitzean, egonez moduko bat sortzen zait barruan, eta galdera datorkit urdailetik burura: baina zer pertsona du helburu Jaurlaritza honek?

PertsonaHelburu

Kezka hau argitzeko aukera paregabea izan nuen aurreko astean, eguraldi petrala zela eta “Zein da zein” jolasten gelditu baikinen etxean Arantza Tapia eta biok. Dakizuenez, jolas honetan galderak egiten dizkiozu aurkariari, eta erantzunen arabera pertsona batzuk deskartatuz zoaz, azkenean fitxa bakarrarekin gelditu eta aurkariak buruan duen pertsona zein den asmatu arte. Galderekin hasi nintzen:

Quien es quien

  • Zuria da?
  • Bai.

Klas, klas, klas, klas, klas. Pertsona zuriak ez diren fitxa guztiak behera.

  • Gaztea?
  • Ez.

Klas, klas, klas.

Emakumea? Ez. Klas, klas klas, klas, klas. Pentsionista? Ez. klas, klas. Dirulaguntza publikoa jasotzen du? Bai, asko. Klas. Eta prestazio sozialik? Ez. Klas, klas. Etxegabea da? Ez. Klas, klas. Etxeko berokuntza eta argindarra ordaintzeko arazoak ditu? Ez. Klas, klas.

Langabetua da? Ez. Klas, klas, klas. Prekarioa? Mileurista? Azpikontratatua? Ez. Klas, klas, klas. Beharrezkoa al du soldata bizitzeko? Ez. Klasklasklasklasklasklasklasklasklas. Etxe bakarra dauka? Ez. Klas, klas, klas, klas. Zergak ordaintzen ditu? Gutxi. Klas, klas.

Orain badakit Eusko Jaurlaritzak Pertsona Helburu dioenean, zer pertsona duen buruan.

EJrenPertsonak