Monthly Archives: Iraila 2022

Automatizazioa eta lanaren etorkizuna

La automatización y el futuro del trabajo” (Aaron Benanav, 2020, Traficantes de Sueños) liburua irakurri berri dut, eta azken aldian digitalizazioaz irakurri dudan liburu iradokigarriena iruditu zaidanez, laburpentxo bat egitea erabaki dut. Liburuan Aaron Benanavek automatizazioaren diskurtsoa aztertzen du “etorkizun utopikoa eskaintzen baitu bizi dugun mundu distopikoan”.

Automatizazioaren teorikoek gutxiago lan egingo dugula diote, bizitzeko behar dugun edozer eskura izango dugula, denbora gehiago pasako dugula familiarekin, zaharrek aktibo jarraitzeko tramankuluak izango dituztela, ingurumena garbiago egongo dela energia berriztagarriei esker. Egileak dioenez gaur bertan lor dezakegu post-eskasiaren mundu hori horren alde borrokatzen badugu, ekoizpenaren automatizazio osoa eman gabe ere.

Automatizazioaren diskurtsoak lau proposizio ditu:

  1. Langileak makinengatik ordezkatzen ari dira eta horrek desenplegu teknologikoa handitzen du.
  2. Gizarte automatizaturantz goaz, zeinetan lan ia guztia makina eta ordenagailuek egingo duten.
  3. Automatizazioak gizakia askatu beharko luke, baina pertsona gehienek bizitzeko lan egin behar duten gizarte batean bizi gara. Beraz, utopia teknologikoa amets gaizto bihur daiteke.
  4. Hortaz, desenplegu orokorraren katastrofea saihesteko Oinarrizko Errenta Unibertsala (OEU) ezarri behar da.

Egileak lau kontra-argudio jartzen dizkie lau proposizioa hauei:

  1. Azken hamarkadetako eskulan eskaeraren jaitsiera ez da izan salto teknologikoagatik, aldaketa tekniko horiek ekonomiaren geldialdia sakontzen ari direnean gertatu direlako baizik.
  2. Enplegu eskaera txiki horrek masa-desenplegua eragin orde azpi-enplegu iraunkorra ekarri du.
  3. Eliteek oso gustuko dute gaizki ordaindutako enpleguen mundu hau. Beraz, aurrerapen teknologikoek ez dute zertan OEUa bezalako soluzio teknokratikorik ekarriko automatikoki.
  4. Oparotasunaren mundua ekoizpenaren automatizazio osoa egin gabe ere eraiki dezakegu, baina gatazka sozialaren bidez izan behar du, ez interbentzio administratibo hutsaren bitartez.

Bi automatizazio mota daude: pertsonen lana guztiz ordezkatzen duten teknologiak eta, langileak guztiz ordezkatu gabe, haien produktibitatea handitzen duten teknologiak. Noiz dago enplegua galtzeko arriskua? Ekoizpena (output-a) lan produktibitatea baina motelago hazten denean. “Nire galdera ez da ea automatizazio teknologiek enpleguak desagerraraziko ote dituzten (hala izango da), baizik eta, ea enplegu berrien sorrera enplegu desagerpen hori baina motelago joango ote den, gero eta pertsona gehiago langabe iraunkor bihurtuz.”

Historikoki teknologiak langileak produktiboagoak egin ditu, baina enpleguak ezinbesteko izaten jarraitu du. 2010eko automatizazio olatu berria hasi aurretik, industrian eman dira beste automatizazio prozesu batzuk: 30. hamarkadan, 50. hamarkadan eta 80. hamarkadan. Guztietan xaxatzen zen enpleguaren desagerpenaren mamua. Esan behar da, dena den, iraganean iragarpen horiek ez gauzatu izanak ez du esan nahi etorkizunean ere oker egongo direnik.

Egileak ez dut bat egiten automatizazioaren teorikoek enplegu galera azaltzeko ematen dute arrazoiarekin, baina “asmatu egin dute enplegu eskaera baxuan arreta jartzen”. Kapitalismo globalak ez die enplegua eskaintzen behar duten pertsona askori, langileek hazkundearen zati ñimiño bat besterik ez dute eskuratu, desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Ekonomian zerbait gaizki joan da, eta horrek enplegu eskaera txikitzea eragin du. “Nire ustez enplegu galera ez du automatizazioak ekarri. Hamarkadak dira lan-produktibitate hazkundearen tasak, bizkortu ordez, mantsotzen ari direla,. Produktibitate hazkundearen mantsotze horrek eskulan-eskaera handitu beharko luke, baina ez da hala, beste arazo potolo bat dugulako: gainbehera luzea, geldialdia edo japonizazioa bezala ezagutzen dena. Hamarkadetako industriaren gaingaitasunak eskulanaren hazkunde-makina hil zuen, eta makina hori ordezkatuko duen alternatibarik ez da sortu. Langile gehienak okupatzen dituen zerbitzuen sektorea ez da konponbidea.

Enpleguaren desindustrializazio globala

Industriak AEBetan langile guztien %22a erabiltzen zuen 1970ean; 2017an ehuneko hori %8koa zen. Frantzian, epe berdinean, %23tik %9ra jaitsi zen langile industrialen ehunekoa. Erresuma Batuan %30etik %8ra jaitsi zen. Herrialde industrializatuenetan, ere, joera berbera izan da: Japonian %25etik %15era jaitsi da ehunekoa, eta Alemanian %29tik %17ra. Desindustrializaio hau deslokalizazioarekin lotu izan da, baina goian aipatutako herrialde bakar batean ere industriako enpleguaren pisu galerak ez du ekarri output murrizketarik. Are gehiago, industria ekoizpena (output-a) bikoiztu baino gehiago egin zen herrialdeotan 1970etik 2017ra. Ondasun gehiago ekoizten dira langile gutxiagorekin.

AEBetako lan-produktibitatea industrian 1950etik %3 igo zen urtero, batez beste. 2011tik, ordea, gauzak okertu egin ziren: 2017an enplegatutako pertsona bakoitzeko output-a 2010ean baino txikiagoa zen. Produktibitate hazkundea kolapsatu egin zen hain justu, automatizazioaren teorikoen hitzetan, azkar handitu behar zenean teknologiaren aurrerapenek bultzatuta.

Alemania eta Japonian produktibitate industrialaren hazkunde tasak nabarmen erori dira gerra ondorenetik gaur arte. Alemanian industria-produktibitatea %6,3 hazten zen urtero 50. eta 60. hamarkadetan. 2000tik 2017ra, ordea, %2,3ra erori da hazkunde hori. Enplegu industrialaren hazkunde tasa lan-indar osoaren hazkunde tasa baina txikiagoa denean abiatzen da desindustrializazioa.

XX. mende amaieran desindustrializazio olatu globalaz hitz egin deiteke: mundu mailako enplegu industriala %0,4 igo zen absolutuki urtero 1991etik 2016ra, baina hori lan-indar globalaren hazkundea baina askoz motelagoa zenez, epe horretan enplegu industrialaren pisua 3 puntu jaitsi zen. Desindustrializazioa, beraz, ez du automatizazioak ekarri.

Industriako output-aren hazkunde tasek, ere, beheranzko joaera hartu zuten mundu mailan azken hamarkadetan. 50. eta 60. hamarkadetan ekoizpen industrial globala %7,1ean hazten zen urtero, termino errealetan. 70. hamarkadan hazkunde hori %4,8ra jaitsi zen eta, 1980 eta 2007 artean, %3ra. 2008tik 2014ra mundu mailako output industriala %1,6 besterik ez da hazi.

Gero eta gehiago ekoizten da langile gutxiagorekin, automatizazioaren teorikoek dioten moduan, baina ez aldaketa teknologikoak produktibitate hazkundea ekarri duelako, output industrialaren hazkundea apaltzen joan delako baizik.

Automatizazioak ez ditu berez enplegu industrialak desagerrarazten. Hazkunde tasak apalak diren garai global honetan errobotizazio gradu altuak abantailak eman ditzake lehiakortasunean, besteei pastelaren zati bat kendu eta ekoizpena handitzeko. Esaterako, industriako 1000 langileko errobot kopuruan neurtuta, Hego Korea (63), Alemania (31) eta Japonia (30), AEB (19) eta Erresuma Batua (7) baino automatizatuago egon arren, herrialdeotan enplegu industrialak pisu handiago du: Hego Korean %17a, Alemanian %17a, Japonian %15a, AEBetan %8a eta Erresuma Batuan %8a (2016ko datuak).

Geldialdiaren itzalean

Output industrialaren hazkundea izoztu egin da 1970etik herrialde guztietan eta industria ekonomiaren hazkunde makina nagusi gisa ordezkatuko duen beste sektorerik ez da azaldu. Industriaren dinamismoa murriztu zenean dinamismo ekonomikoa bere osotasunean murriztu zen. Industriaren dinamismoaren moteltzeak erakarri zuen ekonomiaren izozteak esplikatzen du mundu mailan enplegu eskaerak duen erorketa. Eta horrek, soldata izoztuak, diru-sarrera kaskarragoak, lan-baldintza okerragoak, aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa…

Zerbitzuetan produktibitatea industrian baina motelago hazi da. Industriaren hazkundea moteltzen hasi denean ez da ordezkorik azaldu. Industria zen ekonomia-hazkundearen motor bakarra. Industriaren produktibitate-hazkunde tasa txikia industriaren hedapenaren moteltzearen ondorioa da, ez alderantziz. Eta herrialdeak desindustrializatu diren heinean kapitalak finantzarizaziora jo du, jabeek irabazi likido azkarrak lehenetsi dituztelako epe luzeko kapital finkoan inbertitu ordez.

Enplegu galera automatizazioak eragin duela diote baina, berez, industriaren gaingaitasunak eta desinbertsioak ekarri duen ekonomiaren izoztea da arrazoi nagusia. Lan-indarraren eskaeraren jaitsiera ez du automatizazioak ekarri output hazkundearen dezelerazioak baizik. Ondasunen merkatu globala saturatuta dago eta gero eta gutxiago inbertitzen da kapital finkoan. Automatizazioak ez du azaltzen enplegu galera. Arazoa da aurrerapen teknologikoek enpleguak suntsitzen dituen abiadura berean enplegu berriak sortzen dituen ezer ez dela aurkitu. Lehen esan bezala: industriaren hazkundea moteldu egin da eta ez da alternatibarik aurkitu. Hori bai, hazkunde apaleko ekonomia honetan aldaketa teknologikoek enplegu galera masiboa ekar dezakete.

Eskulan-eskaera txikia

Eskulan-eskaera txiki honek, ordea, ez du desenplegu tasen igoera ekarri. Desenplegua ordez, neurtzeko askoz zailagoa den, azpi-enplegu kronikoa da hazi dena. “Enplegu on gabeko” etorkizun baterantz goaz “enplegu gabeko” baterantz joan ordez. Langileek lanean jarraitu behar dute biziraun ahal izateko eta, beraz, edozein enplegu hartzeko prest dira, baita soldata eskasekoak, jardunaldi laburrekoak, zein baldintza txarretakoak.

Gobernuek ere, enplegua partekatu ordez, langabezia sariak murriztuz erantzun dute, langabeak edozein enplegu hartzera bultzatzeko. Prekaritatea da orokortu dena. 2015ean mundu mailako lan-indarraren %26ak besterik ez zuen behin-betiko kontratua. Enplegu segurtasun faltari aurre egiteko langileek edozein soldata eta baldintza onartzen dituzte.

Soilik mundu mailako lan-indarraren %17ak egiten du lan industrian; gehiengo nagusia zerbitzu sektorean dago azpi-enplegatua. Zerbitzuetan hazkundea ere motelduko denez, ekonomia ez dabilelako ongi, enpresek langileak estutuko dituzte lehiakortasuna hobetzeko. Azpi-enpleguaren biderkatze honek desberdintasunak areagotuko ditu. Sindikatuek indarra galdu duten lekuetan langileek ongizate estatuan jarri dute itxaropena, baina hau ere gainbehera dator azken hamarkadetako murrizketa eta austeritate politikak direla eta.

Ekonomia gaizki doan arren kapitalari ondo doakio. Kapitalistek ekonomian duten kontrola ez dute galdu nahi, inondik ere. Duten boterea ez dute utziko. Gauzak baldintzatzeko kapitalaren greba erabiltzen dute, hau da, beraien aurkako neurriak hartu nahi direnean edo langileak antolatzen direnean, desinbertsioak egiten dituzte.

Oinarrizko Errenta Unibertsala (OEU) bezalako soluzio teknokratikoak proposatzen dituztenek ez diete arazo sozial eta politikoei erreparatzen. OEUa ezarrita ere desberdintasunek bere horretan jarrai dezakete. OEUk norbanakoak boteretu beharko lituzke aldaketa soziala borrokatzeko, baina oso zalantzazkoa da OEUk eragin hori izango duenik… Norbanakoa bere existentzia atomikora murrizteko diseinatutako ekonomiak oso erraz bereganatuko luke OEUa.

Harreman sozialak aldatzeko moduko OEU bat lortzeko lehenik langileak boteretu beharko lirateke. Plan bat egin beharko genuke ekonomiaren kontrola kapitalista eta enpresarien eskutik ateratzeko. Baina OEU sustatzaileek gutxi hitz egiten dute kapitalak ekoizpenean duen kontrola murrizteari buruz. OEUak langileak boteretuko lituzke, baina kapitala desboteretu gabe. Kontrola kapitalaren esku egonda, irabazien motibazioak jarraituko luke gidatzen ekonomia. Errazagoa da imajinatzen izoztutako ekonomia eta desberdintasunak egonkortzeko balioko duen OEU bat, gizarte eraldaketa eragingo duen OEU bat baino. Soilik ekoizpenaren konkistak, hau da, kapitalistengandik inbertsioen kontrola erauzteak eta kapitalaren greba indarrik gabe uzteak, ireki diezaguke bidea post-eskasiaren mundu berrira.

Teknologia kapitalaren eskutik atera behar da, eta guztion beharrei erantzuteko erabili. Guztion beharrak asetzeko egin beharreko lanak guztion artean banatu behar dira, egunero 4-5 ordu lan eginez. Honela jende guztiak izan dezake beraien denborarekin zer egin erabakitzeko eskubidea eta askatasuna.

Automatizazio osoa aldi berean utopia eta amets gaizto bezala ikusten da, giza duintasunari berez ez dagoelako lotua eta ez duelako berez post-eskasiaren mundua sortuko. OEUak berez egingo ez duen bezala. Agian hezkuntza eta osasunerako diru-sarrerak nabarmen handituko balira, lana kooperatiboki elkarbanatuz komunitateak biziberrituko balira, industriak partzialki sozializatuko balira, eta erregai fosiletatik energia iraunkorrera pasatzeko inbertsio masiboak egingo balira, orduan bai, OEUa izan liteke gizakiaren askatasuna bilatzen duen proiektu horren parte bat. Baina post-eskasiazko mundu baterako bideak beste forma guztiz desberdina ere har lezake.

Datorren mundu honen ikuspegi argi bat izan gabe erraza da bidean galtzea. Ezinbestekoa da bestelako mundu bat irudikatzea: zeinetan gizarte kapitalistetako azpiegiturak kontrol kolektiboaren esku baitaude, lana berrantolatuta eta birbanatua baitago, eskasia gainditua baita doako ondasun eta zerbitzuen bidez, eta gure giza gaitasunak garatuta baitaude segurtasun eta askatasun handiagoko existentzia batera begira. Mugimenduak bisio gabe itsuak dira; baina bisionarioak mugimendu gabe ezgaituago daude. Post-eskasiaren mundua eraikitzeko gatazka sozial masiborik ez bada, kapitalismo berantiarreko bisionarioak mistiko tekno-utopiko hutsean geldituko dira.