Monthly Archives: ekaina 2015

Bizitzatik abiatutako burujabetza

97 fm irratia

97 fm irratia

Noizean behin 97 FM Irratian Ikarorik gabe saiotxo bat egiten dugu. Hemen duzue atzo grabatu genuen irratsaioa:

https://archive.org/embed/IkarorikGabe3

Bestelako mundu bat irudikatzen dugu, eta norabide horretan hegan egin nahi dugu, norabide horretan pentsatu, hausnartu, eraldatu, eraberritu. Ikararik gabe egin nahi dugu hegan, ez dugu Ikarori gertatu zitzaion bezala hegoak urtu eta behera erortzerik nahi.

Lurrean etzanda deitzen da Ruper Ordorikaren azken albuma. “Zerutik gertu ez da ondo egoten … nik hemen egon nahi dut, lurrean etzanda”. Lurrean etzanda, eta zerura begira, kapitalismo basatiari aurre egiteko. Ikarorik gabe, nola bestela?

Eta lurrean etzanda, elikadura burujabetzaz aritu gara saioaren lehen zatian. Joan den apirilean, Euskal Herriko delegazio bat ibili da Brasilen zehar elikadura burujabetza bultzatzeko esperientzia desberdinak ezagutu asmoz. Unai Oñederra ere han izan genuen, eta han ikusi eta ikasitakoak kontatuko dizkigu.

Bertan, gertutik ezagutu du, beste askoren artean, MST (Movimiento de Trabajadores Sin Tierra) mugimendua. Via Campesinaren parte den mugimendu honek, argi dauka: elikadura burujabetza ez da soilik nekazarien kontua, langile klase osoarena baizik. (hemen bere bloga eta argia).

Gurean, martxan da dagoeneko Etxalde mugimendua: nekazaritza iraunkorraren alde baserritarrek osatzen dute. Elikadura burujabetzaren alde, nekazaritzari loturiko pertsonei irekia dago.

Burujabetzaz ari garenean, gauza askotaz ari gara: ari gara elikaduraz, ari gara ekonomiaz, zaintzaz eta bizitzaz… Burujabetza, gai sozial eta nazionala. Izenburu hori du Manu Robles-Arangiz fundazioaren azken monografikoak. Burujabetzaren ildo nagusiari jarraituz, Eskozia eta Kataluniako prozesu soberanistei erreparatu diegu, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruan hausnartu dugu. Gurera, Euskal Herrira ere begiratzeko, nola ez.

Hortaz, Burujabetzaren kontzeptuarekin bueltaka ibili gara. Edukiz jantzita datorren burujabetza, esparru anitz dauzkana. Burujabetza prozesu bezala, continuum gisa. Gizarte ereduaren garrantziaz, trantsizio sozio-ekonomikoaz aritu gara, nazionala eta soziala uztartzeko beharraz. Edukiz bete dugu Identitatearen kontzeptua bera ere. Burujabetza, neoliberalismoari planto egiteko, estatuaren deslegitimazioari eta krisiari aurre egiteko.

Hegada honetan bidaide izan ditugu, besteak beste, Jordi García Jané, David Fernández, Joseba Azkarraga Etxagibel, Jule Goikoetxea, Joseba Sarrionandia, Jonathan Freeland, Irvine Welsh eta Vicenç Navarro.

Dokumentu eta informazio gehiago:

Burujabetza, Cuestión Social y Cuestión Nacional

Nekazariek eta gizarte eragileek hordago txikira, Argia 2015/06/14

Menos Samba e mais traballar, Unai Oñederra, Emeki Kunama

Advertisements