Laguna pozik etorri zen Marruekosetik. Ez irribarre inozo erraz eta begi gorritsu erdi itxiekin, irudikatu duzun moduan, eskutan zekarren negozio bikain batekin baizik: negoziazio gogor baten ondoren eskuratutako larruzko maletin bakan paregabea. Lagunekin joan zen, lasai egotera, baina negozioa barruan daraman norbaitek ezin aukerak galtzen utzi.
Ateraldi genialeko gizon argi, azkar, zuhur, limurtzaile ezin trebeagoa; samurra behar duenean samur, zakurra behar duenean zakur. Munduan galduko ez den horietakoa, ondoan daukazunean barrez lehertuko zaituena. Enpresa munduan ere arrakastatsua. Enpresa handi bateko mundu mailako erosle handi. Prezio eta baldintza onak ateratzen iaio, muslari arriskutsua, inoiz ez jakin kartak dituen ala ez. Hori ba, negoziatzailea letra larriz.
Marraketxeko zokoaren alde ilunean izan zen. Kolorez, jendez, urrinez betetako azoka hartan, txilaba eta belo artean, espezia eta fruituz inguratua, larruzko poltsen Portu hura topatu zuen. Begia negozio maleta batera joan zitzaion, berea izan behar zuen. Buruan zenbait kalkulu egin ostean regateoaren erritualean sartzeko lehen urratsa eman zuen, urteetan garaile izan denaren konfiantza eta e neurtuarekin.
Aurpegian kabitzen ez zitzaion irribarrearekin erakutsi zien lagunei prezio ezin hobean eskuratu zuen negozio maleta. Ez dago bera garaituko duenik. Hona etorri zenean berdin esaten zigun, eta, egia esan, ez gintuen batere harritu, ohituak baikinen bere garaipen sonatuetara.
Bizitzak sorpresak gordetzen dizkigu baina! Sudurra barrurantz sartzeraino pegatu zuen aurpegia kristalaren kontra. Ezin zuen izan. Hantxe zegoen bere negozio maleta bakan paregabea, erakusleihoan jarrita, kieto. Horri ere buelta eman zion. “Zenbatean saltzen duten galdetuko diet, ikusiko” irrribarrez. Guk kanpoan itxaron genuen.
Zurbil atera zen. “Nik Marruekosen ordaindu nuena baino gutxiago balio du hemen!”
Ez da kontu pertsonala, negoziazioetan abantaila duten posizioak daude. Adibidez Marruekoseko saltzaileak nire lagunak ez zuen informazioa zuen. Negoziatuko du, itxurak egingo ditu, amore emango du, itxuraz, zenbait kontutan, baina ez du inoiz galduko. Beti aterako da irabazten, baita erosleak irabazi izanaren sentsazioarekin ateratzen denean ere.
Ahaztu behar ez dugun ikasgaia: negoziazio kolektiboan patronalak ez du inoiz galtzen. Beti irabazten du, gehiago ala gutxiago, baina beti irabazi.