Monthly Archives: maiatza 2012

Ali antza

Ireki zaitez Sesamo!”, eta harkaitza ez da mugitu. Altxorra barruan dago, baina hitz magikoek jada ez dute balio. Nola mugitu sarrera eragozten duen harritzarra?

Amaitu duzu lana gaurkoz. Eman dizkiozu enpresari eman beharreko 8 orduak. Orain asanblada batera zoaz, eta gauean bilera duzu bazterketaren kontrako plataformakoekin. Lanean, bestela, gustura zabiltza: enpresa txikia da, talde giro ona duzue, egiten duzun lana atsegin zaizu, eta eroso bizi zara irabazten duzunarekin.

Betetzen zaituena, ordea, lanetik kanpo egiten dituzun hamaika mobidak dira. Ez duzu aspertzeko betarik. Alde batetik bestera beti, bilera amaigabetik amaigabera, kontsumismoaren kontra borrokan, baztertuekin elkarrizketan, pobreziaren kontrako mobilizazioetan, bidezko merkataritzako postuetan… Militante nekagaitza zara, zeure ideiekin kontsekuentea.

Ulertzen ez duzuna da sindikatuen mundu hori. Zure enpresan ez da horrelakorik. Ez duzu sindikatuko inor ezagutzen, eta beraietaz dakizuna entzun edo irakurtzen dituzun kontuak dira: alperrontziak direla, ipurterreak, berekoiak, ilargian bizi direla, greba egiten besterik ez dakitela, ez dutela ezertarako balio, dirulaguntzetaz bizi direla…

Tere ordezkari sindikala da. Erreferente bat bere lankideentzat. Ez zuen uste ordezkari lana hain zaila izango zenik, eta zerrendetan joateko eskatu ziotenean baiezko eman zuen, jaso zuen txapa handiak akituta. Hasieratik garbi zeukan gauzak ongi egin nahi zituela. Burubelarri murgiltzen zen arazoekin zetorkion lankide bakoitzarekin. Buruhauste asko, kezka gehiago, lorik gabeko gau franko. “Nork demontrek agindu zidan niri hemen sartzea?”

Tereri krisia egokitu zaio. Enplegu erregulazioak, lan erreformak, murrizketak, enpresako itunaren negoziazioa. Langileei arnasa ematen saiatzen da, baina zaila da. Lehenengo berak hartu behar du, eta ez zaio tarte gehiegirik gelditzen. Jendea beldurtuta dago, bere kontuak ditu. Antolakuntzaren eta afiliazioaren beharraz hitz egiten saiatzen da behin eta berriro, baina kontuak izkin asko dauzka! Nola konbentzitu jendea?

Enpresan sortzen zaizkion betebeharrez gain, sindikatuak deitzen dituen mobilizazioetan, ere, hartzen du parte. Eskerrak normalean ordu sindikalak balia ditzakeen, bestela bereak egingo luke! Sindikatuko militante fina da, eta gelditzen zaion denbora pilak kargatzen saiatzen da, bateriak off egin ez dezan.

Gaur Terekin gelditu zara, berriro, zerbait hartzeko. M29ko manifan egin zenuen topo berarekin. Eskolatik ez zenuen ikusi. ELAko pegatina zeraman soinean. Neska interesgarria iruditu zitzaizun, betidanik Ez zenekien ELAn zebilela, baina begira, gizarte zuzenagoaren aldeko borrokak elkartu zintuzten berriro. Hortxe dator bera. Grebarako zure babesa emateko idatzi zenuen emaila etorri zaizu gogora: “Apoyo la huelga de los sindicatos sin que sirva de precedente…”

Baditut lagunak “sin que sirva de precedente…” gau batean liatu zirenak. Batzuk, oraindik, elkarrekin darraite. Ez da erraza; desberdinen artean proiektu amankomuna eraikitzeko bidea hesiz betea dago. Mesfidantzak gainditu behar dira, urratsak moldatu, hizkuntza desberdinak bateratzen joan, orduak, egunak eta urteak hitzak trukatuz. Horrela borroka txiki batzuk irabazi dituzte; beste batzuk galdu. Borroka nagusiarekin zer gertatuko den, auskalo! Baina, elkarrekin zoriontsu bizi dira mundu hobe baterako sarrera oztopatzen duen harritzarra mailukatzen dabiltzala dakitelako.