Monthly Archives: Iraila 2014

Enpresa eta demokrazia

Garai interesgarriak hauek! Trantsizio aroaz hitz egiten da, izan politikoa, izan ekologikoa, aldaketa haizeak dabiltza nonahi, eta non amaituko dugun ezin inork esan.

Batzuk diote bizitzea egokitzen zaion garai hori iruditzen zaiola erabakigarri gizakiari, baina ez dakit hala den. Nola bizi zituen jendeak 36ko uztailaren aurreko egunak? Nabari al zuten zerbait? Zer sentitzen zuten 31ko apirila hasiera hartan Alfontso XIII-ren pean bizi zirenek? Eta 1789 bezperatako frantziarrek?

Hain justu, pribilegio askorekin amaitu eta demokrazian urrats erraldoia egin ostean sortu ziren sindikatuak. Iraultza frantziarrarekin ez zuten aski? Ez! Iraultzak ez zuen pribilegio guztiekin amaitu, arlo bat demokratizatu gabe gelditu zen: ekonomia. Behar hutsagatik edozein lan-baldintza onartzera derrigortuak zeuden langileak esplotatzen zituzten pribilegiodun batzuk. Demokraziarik ez zegoen enpresetan, boterea zuenak agintzen zuen, eta soldata behar zuenak men. Horretarako sortu zen sindikatua: iraultzak demokratizatu ez zuen enpresa demokratizatzeko.

Mendea baino gehiago pasa da ordutik, eta gero eta ohikoagoa da enpresen demokratizazioaz hitz egitea: langileen parte hartzeaz enpresen erabakietan, enpresen mozkinetan, kapitalean. Kooperatibak ere hor daude. Detaile bat egiten zait aipagarria, ordea, diskurtso hau bi mundu desberdinetatik entzuten baitut: alde batetik langile mugimenduan, elkartasunean, ekonomia demokratikoan sinesten dutenen mundutik, eta bestetik langile mugimenduaren kontra borrokatu dutenen aldetik. Lehenengoak badakit aliatuak direla eta antzeko helburuak ditugula. Bigarrenek sortzen didate kezka.

Hasteko, esan behar da aurrerapen handia dela halako jendeak bere burua diskurtso hori hartzera behartua sentitzea. Esan daiteke hegemonikoa bihurtu dela enpresen demokratizazioaren beharra/onura. Gertatzen dena da, hori esanda, kontrako zentzuan doazen neurriak hartzeaz gain, berehala esaten dutela sindikatuak XIX. mendeko kontua direla, jada ez dutela balio, honez gero klase borrokak zentzua galdu duela.

Aizue, baina, dugun langabeziarekin, ez al dago jendea derrigortua edozein lan-baldintza onartzera? Ezagutzen ditugun enpresa gehienetan ez al du pribilegiodunen batek agintzen, eta langileek behar hutsagatik ez al daude men egitera behartuta? Ez al dago esplotaziorik? Errealitate gordin hori nolabait orekatzeko, enpresa demokratizatzeko, ez al da behar langileak antolatu eta borrokatzea? Beste kontu bat da prekarioenengana iristen asmatzea, pairatzen duten sakabanaketa, mehatxu eta beldur giroa gainditu ahal izatea. Hori beste kontua bat da.

Agian zenbaitzuen diskurtso ustez demokratizatzailearen atzean beste interes batzuk ezkutatzen dira; ardi larruz mozorrotutako otsoak. Kontua da esplotazioa dagoen bitartean beharrezkoa dela sindikatua. Eta inoiz enpresetan demokrazia osoa irabazten badugu, soldatapekorik gabe, esplotaziorik gabe, orduan ere sindikatuak izan dezake zentzua, demokrazia irabazteko antolatu diren langileentzat, elkartasuna kudeatzeko instrumentu baliagarri izaten jarrai baitezake. Kasu horretan, hori bai, patronala litzateke zaharkitua gelditu eta zentzu guztia galduko lukeena.

Txortan egin denbora laburrean

MezuaBotilan

Argazkia: http://www.otromundoesposible.net-tik hartua

Kontatu zidaten bazela istorio bat, interes handikoa, iturri jakinik ez zuena, benetakoa ala gezurretakoa izan zitekeena. Kontatu zidaten zertaz zihoan, lortu zuten are istorioko pare bat esaldi harilkatzea memoriaren zirrikituetatik aterata. Jakin min horrekin ezin nuela gelditu eta, paper batean zuela aitortu zidan batek, hori bai, traste zaharren artean topatzea beste kontua bat zela!

Itsas zabalean errari ibili ondoren, korronteek lurreratutako botilako mezua bailitzan iritsi zitzaidan paper preziatua:

Txortan

Jakina da, antzina, gure kostako arrantzaleak urrutira ibiltzen zirela, oso urrutira, bakailaoetara-eta. Ternuara, Gran Solera, Eskoziara Jakina den bezala, hilabeteak eta hilabeteak igarotzen zituztela uretan etxetik kanpo, egun luze eta gau luzeagoetan, olatuen borondatearen kulunkan senper gaiztoa ikusiz. Gizon gordinak izaki, haragizko gutizia harrotzen zitzaien maiz, sexu-grina, eta hamabiak jota bero-bero, beharko kanpaia jo, anaia txikia mantsotuko bazen.

Itsasoak ere, jo eta jo, badu bere muga. Eta lehorra jotzen zuten aldiro, ez dago pentsa-tzen jarri beharrik asmatzeko, norako bidea hartzen zuten, txopa galduta, abioan: pute- txera, txikili-txakala egitera; izorrategira, odolkia eltzean sartzera. Eta hemen, puntu honetan, ez datoz bat nire notizien iturriak: batzuek omen diote, patroiak denbora gutxiko baimena ematen zietela; beste gehienek, berriz, patrikan diru gutxi eraman ohi zutela arraina saldu eta manta egin bitartean, zorriak baino ere pobreago omen zebiltzala Gauza da (euskara ezinbestean barkuan utzia, ingelesa pittin bat derrigorrean ikasia), gauza da, sartu orduko, burdeleko señoritek honako eskaintza egiten zutela: «Short time!». Esan nahi baitu, asti labur edo denbora motza. Agudoago eta merkeago, alegia. Bistako denez, ez zuten eskopeta garbitzen denbora askorik pasatzen koarto ilunean. «Dit-dau, egina zagok hau. Pagau!», adieraziko zieten nolabait larru motzeko potota haiek gure mutil zakilei.

Short time, partida motza, xorta(i)m ahoskatzen omen dena. Hortik dator, agidanean, gure oraingo txortan egitearena. Egi-egia ote den? Hala dirudi bederen. Si non e vero, e ben trovato. Bide onean doa Egiako mandoa.

Ezin nuen sinistu botila hau sareren batean ez erori izana, ezinezkoa zitzaidan. Beraz, sarean begiratzeari ekin nion. Eta bai, nola ez, botila ez baina mezua bai, sarean zegoen. Testua Jesus Mari Mendizabalena da, eta DV-n atera zen 2007ko urriaren 23an (http://www.diariovasco.com/20071023/al-dia-sociedad/txortan-20071023.html)

Gaur egun zaila da itsas zabalean ezer saretik kanpo geratzea.