Monthly Archives: apirila 2018

ADEGI Kontxako estropadetan

bandera-la-concha-6Urtero, estropadak iristean, eztabaida berbera pizten da Donostian: zergatik sailkatzen dute automatikoki Donostiako trainerua Kontxako estropadetan? Ez da bidezkoa… Zertarako? Barregarri gelditzeko?… Ez da beste inon gertatzen… Parte har dezatela sailkapenerako estropadan eta lehen zortzien artean gelditzen badira aurrera, bestela ez…

Ez dakit nondik datorren kontua eta zergatik egiten den horrela, baina ezin uka girotxoa eta zeresana ematen duenik. Traineruetako hainbat entrenatzaile, patroi eta arraunlarik bezala. Nire bidean sartu zarela, arraunekin jo gaituzula, ziabogan ez dakit zer… Korta izena entzute hutsarekin kalapita sortu da, lehiakortasuna handia baita: Orio, Hondarribi, Urdaibai, Kaiku…

Normala, kirol gehienetan gertatzen da. Dena den, izango du zerbait berezia arraunketak ADEGIk bere aldeko apustua egiteko. Orain gutxi hainbat enpresarik, Koxtaperen traineruan eserita, arraunak gora, ADEGIren enpresa kultura berria goraipatzen zuten elkarrizketa batean. Merkatu librearen, lehiakortasunaren, indartsuenaren legearen aldekoak lankidetza goraipatzen. Jabetza pribatuaren defendatzaileak, jabeen erabakitzeko eskubidean sinisten dutenak, irabaziak metatu eta galerak banatzearen aldekoak partaidetzaz, gardentasunaz eta proiektu komunaz hitz egiten. Berria. Deigarria. Susmagarria.

Traineruetan lankidetza, ekipo sentimendua, denok batera ekitearena nabarmena da. Beste hainbat kiroletan bezalaxe. Galde diezaietela Gaztediko neskei, bestela: nola iritsi dira sokatirako munduko txapelketa irabaztera? Elkarrekin gogor lanean, elkarrekin eutsiz, elkarrekin tira eginez. Onartzen dut boxeoa, alterofilia edo eski jauziak beste kontu bat direla. Oso indartsu eta ausartak, baina indibidualak. Arraunketan, sokatiran eta beste hainbat kiroletan, ordea, ekipoaren batasuna, lankidetza eta indarra ezinbestekoak dira irabazteko. Garrantzitsua.

Imajina dezaket langilerik gabeko patronalaren ekipoa… barregarri. Traineru bat, demagun. Sekula ez ziren Kontxako estropadetara sailkatuko, ezpada donostiarren trikimailua erabiliz… Agian horregatik aukeratu dute arraunketa, aurrekaria badelako.

Iruzurra salatzen duena zigortu?

[El Correoko zuzendari ordea den Alberto Ayalaren bi artikulu hauetan oinarrituta: Perplejidades varias eta El paraguas laboral del PNV]

“Me metí en esto por convencimiento de Justicia y quizás debería haber reflexionado más las consecuencias”. Ainhoa Alberdiren esaldi hau ezin izan dut gainetik kendu irakurri nuenetik. Ustelkeria eta iruzurra salatzeagatik 9 urte daramatza infernuan. Salaketak bere bizitzan izan dituen ondorio latzak sufrituta, agian, atzera begira, ez luke berriro egingo.

“Alberdi narró cómo, tras denunciar el caso, «una persona política», de Bizkaia, «conocedora de cómo funcionan estos asuntos», de la que no quiso confirmar ni su nombre ni si milita en el PNV, le aconsejó que dejara de presentarse a concursos públicos porque no iba a ganar ninguno más.”

Aurreko astean gure lehengo auzokide batekin egin genuen topo (orain bi urte aladatu ginen etxez). “Ez dakizue zer gertatu zaigun!” esan zigun. “Auzoan hoditeria guztia aldatzen ari zirela aprobetxatuz, gure bi portaletako ur zikinen hodiak ere aldatzea proposatu ziguten. Langileak, aparatu guztiekin, bertan zebiltzanez, merkeago aterako zitzaigula. Gure etxeetako hodiek urte asko omen zituzten, onartu genuen eskaintza.”

“Jaitsi ziren langileak behera eta… sorpresa! Gure etxeetako ur zikinen hodiak apurtuta zeuden auskalo noiztik. Pentsa! Arratoiak, arratoiak eta arratoiak, dinosauroen tamainakoak, mugimedu etengabean, beren saltsan. Nazkagarria! Kare bizia erabili behar izan zuten hura guztia garbitzeko, imajinatu! Urte hauetan  gutako inor ez kutsatzea mirari bat izan da!”.

Han genuena, etxe azpian, urteetan zehar, ustelkeriaren habitat okaztagarria zen, guretzat arriskutsua, arratoientzat paradisua. Gu bertan bizi ginenean ikusten genituen arratoiak, noizean behin, zakar artean. Lehen pisukoak, behin, logelan aurkitu zuen bat. Senarrak akabatu zuen.

Langileek ezikusiaren egin zezaketen, etxe azpian aurkitu zuten ustelkeriaren berri ez eman. Baina ez, komunitatean sor zitezkeen haserre, gatazka, eta arazoen gainetik, bizilagunen osasunaren alde egin zuten. Gogorra izan omen zen bilera, baina auzokideek egindako lana eskertu zieten langileei. Hori da normalena, ustelkerian bapo bizi garen arratoiak ez bagara behintzat.

Orain errenta aitorpena egiteko epea zabalduko da. Diputazioek esango dute iruzurraren eta ustelkeriaren kontra gogor egingo dutela. Jarriko digute telefono bat, ere, norbait iruzurra egiten ikusten badugu sala dezagun. Gertatzen dena da “La casa de papel” seriea ikusi berri dudala; jada ez dakidala zein den ona eta zein txarra. Eta Ainhoa Alberdiren kasua ezagututa, nork esaten dit niri telefono hori ez dela amarru bat iruzurra salatzen duena harrapatzeko?