Monthly Archives: urtarrila 2013

Permachek ELAri luzatutako eskuaz

Ez dakit elkarlana eskaintzeko modurik egokiena bloga den. Harritu egiten nau ere izenburuan eta azken pasartean elkarlana eskainita, tartean idatzita azaltzen denak. Nik behintzat elkarlan eskaintza batean beste tonu bat erabiliko nuke, beste gauza batzuk esango nituzke. Izaera kontua izango da agian. Dena den, eta Permachen blogeko azken posta elkarlanerako lehen urrats bezala hartuta ere, pare bat gauza erantzun nahi nituzke.

1. Garrantzitsuena helburua finkatzea dela dio. Halaxe da, burujabetza prozesuan helburuak, urratsak eta egutegiak adostu behar dira burujabetzaren aldeko indar guztien artean. Lizarra-Garazi aipatzen du ere. Halaxe da. Baina, tamalez, ez gaude Lizarra-Garazin. Orain arte, nire ustez, EHBilduren helburu bakarra hauteskundeetako emaitzak izan dira: foru eta udal hauteskundeak, Madrileko hauteskundeak, EAEko hauteskunde autonomikoak, eta, orain, Nafarroako hauteskundeak.

2. Eraldaketa sozialerako borrokaz eta burujabetzarako borrokaz hitz egiten du ere, bi borroka desberdin balira bezala. Niretzako borroka bat eta bera da eraldaketa soziala eta burujabetza. Murrizketak eta politika neoliberalak Espainiak inposatzen dituen bezala, marko autonomikoa, ere, Espainiak inposatzen du. Murrizketak Espainiak inposatzen dituelako justifikatzen badira, berdin berdin justifikatu beharko genuke marko autonomikoa. Kontua ez da esatea burujabetza gabezia dela arazoa, baizik eta nola demontre lortuko dugun burujabetza hori.

Indar harreman kontua da. Ez digute ezer oparituko. Eta desobedientziaz hitz egiten denean esan nahi da jai egunetan EAEn dendak ez irekitzea burujabetzan urrats bat ematea dela. Lan erreforma enpresetan ez sartzea lortzea, burujabetzan urrats bat ematea dela. Euskal Herriko kontrabotere sindikatuek eragile sozialekin batera agenda propioa izatea burujabetzan urrats bat ematea dela.

Beraz, hemen burujabetzarantz urratsak emango ditugu politika ALTERNATIBOAK exijitu eta ezartzeko gai garen heinean. Zentzu horretan, Espainiatik inposatzen dituzten murrizketak ez aplikatzea burujabetzan  urrats bat da (Gipuzkoako Diputazioak 14. pagarekin egin duen gisan), eta fiskaltasunean benetako aldaketak exigitu eta egitea, ere, burujabetzan urrats bat gehiago da.

Zaila da. Ezinezkoa kontraboteretik soilik. Ezinezkoa, ere, instituzioetatik soilik. Geroz eta jende gehiago behar dugu kalean. Pedagogia asko dago egiteko. Helburuak finkatu behar dira. Urratsak adostu. Egutegiak ezarri. Baina hori ez da blog bidez lortzen. Hori soilik lortzen da hitz eginez, eta hitz eginez. Elkarlan eskaera benetakoa bada, badakizu ELA non dagoen, eta badakizu ere, horretarako prest dagoela.

2013: Fiare eta Euskoaren urtea

Urte amaieran pasioan genbiltzala ilargi bete laranja borobil bat ekialdetik irteten ikusi genuen. Ez zen eguzkia, baina ikuskizun eder horrek barnean klik txiki bat egin zidan, eta pentsatu nuen “ez ote gabiltza 2013 gaixoa gehiegi egurtzen ekaitz perfektu izango delakoan?”

2013ak langile klasearentzat ekarriko ditu opari onak ere. Niri behintzat pare bat datozkit burura:

  1. Hegoaldean: Fiare edozein bankuk eskaintzen dituen zerbitzuak eskaintzen hasiko da, maiatzean Banca Popolare Etica-rekin bat egin ondoren. Ordutik aurrera aukera berri bat izango dugu bizi dugun triskantza hau sortu eta elikatzen duten bankuen bezero behartuak izateari uzteko. Pitzadura bat gehiago kapitalismoan.
  2. Iparraldean: Eusko txanpon lokala sortuko da. Herri mugimenduak bertako ekonomia, ekologiko, sozial eta euskalduna sustatzeko abian jarri duen proiektu ezin interesgarriagoa; Europan ematen ari diren beste esperientzia askoren segida izan nahi duena. Bilbon ere badabiltza txanpon lokala sortzeko bidean. Beste pitzadura bat kapitalismoan.

Hauek bi esperientzia baizik ez dira, tankerako gehiago ere ari dira zabaltzen: kontsumo taldeak, denbora bankuak, ekonomia solidarioa, auzolana… Langile klasea ez dago geldirik. Erresistentzia lanean dabil, bai, gizarte babesaren kontra hartzen ari diren neurriak gelditu asmoz, baina baita eraikuntza lanean ere. Nahi dugun alternatiba eraikitzen/bizitzen joan modu xumean bada ere. Etorkizuna izango denaren haziak dira.

Sindikatuek eta herri mugimenduak aliantza alternatibo bat sortzeko lanetan gabiltza. Oraingoz zenbait greba eta manifestazio egin ditugu, baita aste beteko martxa ere; erresistentzia. Baina gizarte babeserako sistema desegiten ari diren honetan, urrats bat harago joan behar dugu elkartasun sare alternatiboa ehuntzen joateko. Alternatiba txikiak badabiltza sortzen, eta gehiago sortuko dira. Parte hartu nahi al dugu berauetan?

Garai interesgarria bizi dugu. Gogorra, zaila, bai, baina merezi duen guztia ez al da lortzen momentu zail eta gogorrak igarota? Benetan garrantzitsua den zerbait lortu al duzu inoiz esfortzurik gabe?

Ruperrek dioen bezala: “Kantu leunak nahi nituzke jarri, eguzkia lainopean denari”.

Lana banatu

Lana banatu

Gabon hauetan seme txikienak, ikastolako lanak erakusten ari zela, oparitxo bat egin zidan. Irudi honen aurrean esan nion “ama lanez gainezka eta aita eserita egunkaria irakurtzen?” “Ez, hori, zutik dagoena zu zara” erantzuna. “Zein da, ba, eserita dagoena?” “Aitona”.

Urratsen bat eman dugu aurrerantz behintzat.

Egun batzutara arrandegian txirla batzuk erosten. Saltzaileak eskukada bat hartu eta “¿Así está bien?” “Sí” nire erantzuna emaztea ondoan jartzen zaidala. Saltzaileak berriro orduan “Señora, ¿así está bien, o le quito algunas?” “No, así bien” erantzuna, eta gehitzen du “y ponme un poco de perejil”. “Ez, badaukagu etxean” esaten diot nik “no, no ponga que ya tenemos en casa” saltzaileari. “¿Seguro?” bioi begiratuz. Baietz nik buruaz.

Etxean txirlen poltsa zabaltzean perrexilaren hosto berdeek eraso egin zidaten.

Hamaika urrats dauzkagu oraindik emateko.

Asmakizuna: Arrain saltzailea gizona ala emakumea zen?

Inporta al du?