Category Archives: Euskal Herria

Gasteizko udaltzaingoa, PL2 eta ELA

euskarazBiziNahiDutBigarren aldia da berbera gertatzen dela. Orain dela hilabete edo urte gutxi batzuk, elur bolatxo bera bultzatu zuen maldan behera  norbaitek, interesatuki, bueltaka-bueltaka erraldoi bihurtu eta, jendearen nahasmenaren artean, ELAren lokalaren kontra jo zezan.

Kontua oso sinplea da, eta horregatik hemen azalduko dut, asmo oneko jendeak istorioa erraz uler dezan, benetan erraza baita:

Gasteizko udaltzainen artean mugikortasun prozesu bat abiatzen da. Eskaintza ateratzen denean, ez da zerbitzu guztietan euskara eskatzen. Arbitrarioki  hautatutako zenbait postutan soilik eskatzen da euskara.  Guk esaten dugu hori ezin dela izan. Udaltzaingoko zerbitzu guztietan eskatu behar dela euskara, herritarrei arreta euskaraz bermatu ahal izateko. Nola konpon daiteke hori? Nola lor daiteke euskarazko arreta Gasteizko Udaltzaingoan postu gutxi batzuetara ez mugatzea? Aurreko eskaintzari demanda bat jarriz. Eta horixe izan zen egin genuena, eta horixe izan da orain irabazi duguna (udalak eta udaltzaingoko jefaturak gauzak gaizki egin zituztelako).

Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du aurreko eskaintza bertan behera gelditzen dela, eta eskaintza berria egin behar dela, udaltzaingoko zerbitzu guztietan euskara bermatuz. Hau da, erabakia ona da euskaraz bizi nahi duten Gasteizko biztanleentzat, eskaintza berrian arreta euskaraz jasotzeko aukera zerbitzu guztietara zabalduko baita.

Zer gertatzen da? Epaia sartzean mugikortasun prozesu hori hasi aurretiko egoerara itzuli behar luketela udaltzainek (horrek ekarriko luke arreta zerbitzu zentralera PL2 gabekoak itzultzea). Dena den, anabas handiegia ez sortzearren, saiatuko da eskaintza berria azkar egin eta udaltzainak zuzenean postu berrira pasatzen, lehengo lekura itzuli gabe. Horregatik ari gara epaia urtarrilean indarrean sar dadin saiatzen (printzipioz irailean sartuko litzateke), ez daitezen udaltzainak eskaintza aurreko postura itzuli, ondoren eskaintza berriko postura pasatzeko; eta bide batez, arreta zerbitzu zentralean ez gaitezen itzuli, epe laburrerako bada ere, zerbitzua euskara bermatu gabe ematera.

Gauzak hala izanda, irakurri orain Noticias de Alavan larunbatean argitaratu zuten albistea. Zer iradokitzen dizue? Balirudike ELAk udaltzainei euskara exijitzearen kontra egiten duela, hain justu egia alderantzizkoa denean. Jakina, behin albiste hori eskura izanda, estima handirik ez digun jendeak badauka munizioa gure kontra kargatzen jarraitzeko, hain da jolas erraz eta bihotz-altxagarria!

ELA euskararen aldeko agente aktibo bat da, eta halaxe izaten jarraituko du, azken kongresuan onartu genuen “EUSKARAZ LAN EGITEKO ESKUBIDEAREN ALDE
ASIMILAZIO KULTURALAREN KONTRA” ebazpenak dioen moduan.

PL2NoticiasAlava

Advertisements

Beltzak eta euskara

BelleEpoqueBizitza emea da, eta arrok ia akabatu dugu, indarkeria harroz. Feministen garrasiak salbatu du. Eta oraindik entzungo duzu terrazaren batean, Chardonnay kopa eskuan, zigarreta bestean, “ni ez naiz ez matxista ez feminista… ile horiek besapean… bortizkeria permanentean…”, feministengatik ez balitz sukaldean giltzarrapoz lotua legokeenaren ahotik.

Ez da kasu bakarra. Sindikalistetaz berdina diote ere: beti haserre, beti kexuka… opor ordainduak, 8 orduko lan eguna, gizarte segurantza eta hezkuntza eta osasun publikoa zerutik eroriak bailiran. Bada hari bat, beraz, emakumeak eta langile klasea lotzen dituena. Hari fina, hauskorra, ongi landu behar dena eraginkorra izan dadin, eta horretan ere feministak badabiltza fin.

Bizitasuna, freskotasuna, oihartzuna, indar kolektiboa. Plaza hartzen ari dira. Gazte, zahar, heldu, mugimendu eraginkorraren eraikuntzan. Eragina dute. Nigan eragin dute. begiak ireki dizkidate, Angela Davis irakurtzera bultzatu naute. Emakumeak arraza eta klasea. Lehen aipatu haria fina triangeluan josia.

Angelak liburuan kontatzen ditu esklabotza garaiko penak minak eta borrokak. XIX. mendeko kontuak, latzak, ezagutu behar direnak, egungoa ulertu ahal izateko. Halako esklabutzarik hemen ez zen izango, baina imajina ditzaket, XIX. mendean agian ez, baina XX. mende hasieran bai, herriko, baserriko emakume euskaldun elebakarrak Donostiako señorito eta señoritei “lan zikinak” egiten, ipurdia garbitzen, ganadua legez.

Konparazioa ez da txiripa. Emakumeak, arraza eta klasea, aspaldi iritsi zen Euskal Herrira. Emakumea eta klasea begibistakoa izanik ere, arraza ez zen bat batean egokitzen hemengo errealitatera. Irudika zitekeen, ordea, Euskal Herriaren askapenarekin, zapaldutako herriaren borrokarekin. Baina ez da kontu itxia, etenik ez duen gogoetagai da, eta berriki euskal hiztunen zapalkuntzarekin ere lotu da.

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel ariketa interesgarri bat egiten ari dira, euskalgintza feminismoarekin lotuz, hain zuzen. Feminismoaren azterketak euskalgintzara ekarriz: identitata eraikuntza eta deseraikuntza, botere harremanak, azpiratuen naturalizazioa… Feminismoak erreminta asko ditu euskaldunak ahalduntzeko.

Angela Davis ere egiten diote erreferentzia. Esklabotzaren kontrako borroka, segregazioaren kontrako borroka ez zen beltzen borroka, giza eskubideen aldeko borroka baizik. Euskaraz bizitzea giza eskubidea da, borroka unibertsala da.

Euskararen aldeko borroka suspertzeko proposamen aberatsa egin digute (emankorra bilakatzea espero dut). Behar genuen halako zerbait, eta, berriro ere, feminismotik etorri da ekimena. Esanguratsua da. Lan onari esker lortu duen ekarriaren seinale.

Dena den, badu arrisku bat proposamen honek. Botere harremanetan hondoraino iristen garenean, beti topatuko dugu emakume bat, langile klaseko emakume bat. Baina hondoraino begiratzen dugunean, normalean ez dugu emakume langile euskalduna topatuko. Euskara hutsez osatzen diren eremuak, normalean ez dira kolektibo azpiratuenak, jazarrienak, zapalduenak. Are, batzuetan badute elite puntu bat ere. Agian erratuta nago, baina niri beldur hori sortzen zait. Ez proposamena gutxiesteko, ez proposamenak duen balioa murrizteko. Inola ere ez, argi baitago euskaldunak Euskal Herrian moroak garela laino artean.

Criadas

Bada ez bada, euskararen aldeko borrokan arrakasta izan nahi badugu behintzat (Angela Davis gogoan) gogora ekarri nahi dudan gauza bakarra da beltzak Euskal Herrian (azpiratuenak, menderatuenak, esklabotza lanetan dabiltzanak), Amerikako Estatu Batuetan bezalaxe, hegoamerikarrak, afrikarrak, asiarrak eta Europako ekialdeakoak direla.

Mendira joan burujabetza prozesua atzeratzeko?

Interesez irakurri dut Xabier Letonak Mario Zubiagari egin dion elkarrizketa Argian. Hiru ohartxo egin nahi nituzke:

  1. Zubiagak dio burujabetza sozialerako indar metaketa eta Gure Esku Dagoren (GED) egungo dinamika ez direla kontrajarriak. Esango nuke halaxe ikusten duela ELAk ere, azken Aberri eguneko agiria irakurtzea edo ELAko militanteek GEDen galdeketetan izaten ari diren parte hartze aktiboa ikustea.
  2. Dio Lizarra eliteen prozesua izan zela. GED ez dela eliteen prozesua, mugimenduan inplikatzen diren herritarrak joango direla norabidea zehazten. Ederki. Baina iruditzen zait garrantzitsua dela, ere, burujabetza prozesua, gehiago itxaron gabe, abian jarri nahi duten eragileek estrategia, epe eta eta helmuga, zein tarteko helmuga batzuk, adostea aurrera egin dezagun. Ez daitezen beste hamar urte pasa, autogobernu lan taldeetan, geldirik, zenbaitzuk ez dutelako prozesua abiatu nahi, oraingoz.
    Ildo horretan ulertu behar da Elorrietaren, zein ELAren, proposamena. Adostu dezagun bide bat abiatzeko prest gaudenak, martxan jartzeko.
  3. Horregatik harritu egin nau elkarrizketa amaierak: Zubiagak kezka azaltzen du ELA ez ote den mendira joango, bere autonomian eroso, neoliberalekin ezer ez adosteko aitzakiarekin, prozesua bost-hamar urte atzeratzeko. Hain justu, ELAk egiten duen proposamena kontrako zentzuan doanean. Hau da, prozesua abiatzeko, geldirik egon nahi dutenen zain egon gabe, jar gaitezen martxan, baina ez mendira joateko, burujabetza eskuratzeko baizik.

Zu ere beldurtuta, zerga erreformaren eztabaidarekin?

jabierlarranaga

Beldurraren mendea bizi dugu Mendebaldean. Alarmak, bideokamarak, seguratak nonahi. Harresiak, alanbradak, ejertzitoa. Beldurra daukaguna galtzeari, beldurra ez duguna lortzeari, aldaketari, ezezagunari, bizilagunari… Ni ere beldurtuta nago.

Lehen sintomak otsailaren 28ko El Correoren azala ikustean sentitu nituen. “Urkullu alaba a los empresarios que “siguen aquí, incluso con mayor presión fiscal”“.

Hasteko, Urkullu ez al zen guztion lehendakaria? Enpresariek soilik eman al zioten bozka? Gogoratzen al da inoiz langileetaz lehendakari jauna?

presiofiskalaJarraitzeko, ez al genuen EAEn Europako presio fiskal txikienetakoa? Europako batez besteko presio fiskala %39 ingurukoa da; EAEkoa %32 ingurukoa (EHko fiskalitateari buruzko txotena hemen).

Izan daiteke, Urkullu Espainiara begira egotea, Europara begira egon ordez. Berdin dio, hara zer esan zuen Ignacio Zubiri EHUko katedradunak orain bi urte antolatu genuen Euskal Herriko zerga sistemari buruzko mintegian (mintegi horretako informazio hemen): “Si miramos la evolución histórica veremos que siempre el Impuesto de Sociedades vasco ha recaudado bastante menos que en el Estado. Dejando al margen los años de crisis, la realidad es que sistemáticamente los empresarios vascos han tenido unos impuestos 30% más bajos que los del resto de España. No hay más que mirar las normativas vascas: son realmente un catálogo de beneficios fiscales. Si alguien un día quiere hacer un catálogo de cómo dar dinero a las empresas no tiene más que mirar la normativa del Impuesto de Sociedades vasco los últimos años: incentivos, bonificaciones, vacaciones fiscales…

ignaciozubiriimpuestosociedadesLehen susto hura pasa egin zitzaidan; denborak dena sendatzen du. Baina gaurko Berria zabaltzeak eman didan sustoak post hau idazten jarri nau:

Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Ogasun diputatua): «Zerga erreforma lan tekniko bat da; hortik kanpo atera da eztabaida, tamalez»

Barkatu, baina ezin da zerga erreformaz eztabaidatu? Lan tekniko hutsa da? Zein teknikori dagokio zerga erreformaren eztabaida, diseinua? Lehen aipatu dudan Ignacio Zubiri balekoa da? Edo ADEGIk erabakitzen duen teknikoek egin beharreko zerbait al da?

Are gehiago, horretaz ezin bada eztabaidatu, zertaz eztabaida dezakegu? Zertarako egiten dira hauteskundeak? Zertarako zaudete politikariak? Zertarako alderdi politikoak? Ez al da hobe tekniko onak aukeratzea, eta kito? Hau izua!

Izenburua bezain beldurgarria egin zait azken galderari Jabierrek eman dion erantzuna: “ELAren arabera, Europaren batez besteko presio fiskala aplikatuz gero, EAEn 900 milioi gehiago bilduko lirateke. Ados?
Ez dut uste egia denik (…) Tituluetatik harago joan behar da, xehetasunean sartu, eta eztabaida hor eduki. Gu ez gaude Europa iparraldeko ongizatearen mailatik urrun.

Ez dut uste egia denik…” ELAk datuak Eurostat, Eustat, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernutik hartu ditu. Akaso ez dira egiazkoak (hemen EHko Sozietate Zergari buruzko txostena)

sozietatezerga

gaztelangabeziaXehetasunetan sartu, eta eztabaida hor eduki”. Orduan, eztabaidatu dezakegu gaiaz? Gu desiatzen gara.

Gu ez gaude Europako iparraldeko ongizatearen mailatik urrun”. Gazte batek hori irakurtzen badu, edo gazteren baten gurasoak, ni baino gehiago ikaratuko da. EAEko gazte langabezia tasa: %43,1. Norvegiakoa: %10,8.

Urkullu eta Larrañagaren esaldietatik ez dakit zerk ikaratzen nauen gehiago: esaldiok iradokitzen duten agintarien mailak, edo agintariok esaldi horiekin herritarrez duten irudiaz iradokitzen dutena. Beldurraren mendean murgilduta gaude bete betean Mendebaldean.

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

ehburujabe-368x339“Estatutua hil da” esan genuen Gernikan 1997an. Estatutuaren kontra geunden? Ez. Estatutuak tresna baliagarria izateari utzi zion? Ez. Orduan, zergatik esan genuen hilda zegoela? Espainiako estatuak erabaki zuelako, aldebakartasunez, estatutua ez zela beteko, ez bizitza honetan, ez eta hurrengoan ere. Guk aldebiko prozesu bat nahi genuen, eta nahi dugu, baina Madrilek ez.

20 urte joan dira inflexio puntu bat izan zen ekitaldi hartatik; ez alferrik. Estatuak orduan esan genuena berretsi besterik ez du egin; EAEn gehiengo osoz onartu zen estatutu berriaren proposamena baztertuz, Kataluniako legebiltzarrean ia aho batez onartu zen estatutu berria mesprezatuz, EAEn zein Nafarroan gehiengoz onartzen diren legeak aldebakartasunez balio gabe utziz… Ez dugu ikusten Espainian Euskal Herriko, zein Kataluniako, auzia modu demokratikoan eta aldebikotasunez konpontzeko aukerarik, guk hala nahi izanda ere: indar-harreman kontua da.

Euskal Herrian prozesu demokratikoa martxan jarri nahi badugu, indar metaketa prozesu bat abiatu beharko dugu; prozesu mobilizatzaile bat, helburu zehatz eta partekatuekin, zeinaren bidez iritsi behar dugun Estatua negoziatzera behartzera, eta ezezkoan tematzen bada, independentzia aldebakartasunez aldarrikatzera, Katalunia egiten ari den moduan.

Bide horretan, uste genuen, behin ETAk borroka armatua utzita, bi familia abertzale nagusiak gai izango zirela burujabetza prozesua abian jarriko zuen estrategia minimo bat adosteko. Ez zen horrela izan, eta denbora gelditu egin da.

EAJk, egun, ez du halako prozesu bat abian jartzeko asmorik, gogorik. Bere aurpegi soberanista lozorroan gordeta, hauteskunde emaitza bikainak lortu ditu; kaleetan ez du jendetzarik topatzen burujabetza prozesua aldarrikatuz; eta Kataluniara begiratzen duenean, bere alderdi anaiaren gainbehera ikusita, “abentura soberanistetan” sartzeko tentazio oro uxatzen zaio.

EH-Bildu saiatzen da, bai; ez da eskaintza faltagatik izango: akordio proposamen bat hemen, beste akordio proposamen bat han, EAJ erakarri nahian, bere zenbait helbururi uko egiteko prestutasuna erakutsiz, akordioren batean esplizituki uko eginez, balizko burujabetza prozesu bat martxan jartzeko esperantzarekin, Maltzaga abiapuntu bakarra bailitzan. Eta halaxe gaude, geldirik, Maltzagako geltokian, zain.

Argi dago: Gernikako ekitalditik 20 urte beteko diren honetan, beste inflexio puntu bat behar dugu. Gernikan “Estatutua hil da” esan genuen; oraingoan “Maltzaga hil da” esan genezake. Maltzagaren kontra gaude? Ez. Maltzagak tresna baliagarria izateari utzi dio? Ez. Orduan, zergatik diogu hilda dagoela? EAJk azken hamarkadan argi utzi duelako ez duela burujabetza prozesu bat abiatzeko inolako asmorik. Estatutuaren heriotzatik Lizarra-Garazi etorri zen. Orain galdera da: Maltzaga ondoren, zer?

Azken hamarkadan agerian gelditu da geure bizitzan eragin kaltegarria duten erabakiak hartzen ari direla, gero eta urrunago, gero eta jende gutxiagok. Burujabetza egunez egun, urtez urte, galtzen gabiltza arlo guztietan, eta multinazionalen mesedetan desberdintasunak, prekarietatea, pobrezia eta sufrimendua zabaltzen ari dira. Inor gutxik jarriko du hau ezbaian.

Dena den, batzuk diote hau dela dagoena, ezin dela besterik egin, sakrifizioak ezinbestekoak direla, austeritate politikak zintzo-zintzo eta liskarrik gabe onartuta, gauzak bere onera itzuliko direla. Esan genezake gauzak diren bezela mantentzearen aldekoak direla hauek.

Beste batzuk, ordea, aldaketaren aldekoak gara. Diogu gauzak beste modu batera egin daitezkeela, geure bizitzetan burujabetza berreskuratu behar dugula, eta Europatik datozen erabaki politikoei entzungor eginez, guri komeni zaizkigun erabakiak hartzen joan gaitezkeela.

Eliteak kezkatuta daude azken aldian aldaketaren aldekoak gailentzen ari direlako. Populista ezizena jarri diete, eta zaku berean sartu dituzte Eskozia, Brexit, Le Pen, Podemos, Katalunia eta Trump, tranpa beraiek eginez. Aldaketa nahi dugunok burujabetza berreskuratzearen alde gaude, baina bi burujabetza mota daude:

  1. Izuan, autoritatean, seguritatean, arrazakerian, desberdintasunean, erresistentzian oinarritutako burujabetza kontserbadorea, atzera bueltatu nahi lukeena, ezer ez aldatzeko.
  2. Demokrazian, parte-hartzean, aniztasunean, parekidetasunean, iraunkortasunean, itxaropenean oinarritutako burujabetza sozial eraldatzailea, herri berria, bizitza berriak eraikitzeko.

Bizi ditugun garai interesgarri hauetan, arazoa politika neoliberala da (jarraitasuna aldarrikatzea arazoan sakontzea da). Aldaketa autoritarioa ez da soluzioa, arriskua baizik (bizitzaren kontrakoa; Le Pen, Trump…). Arazoarentzako irtenbidea eta eskuin muturraren arriskuarentzako antidotoa aldaketa demokratikoa da, burujabetza sozialean oinarritua. Hain justu, hau aldarrikatzen dugu gehiengo sindikalak, mugimendu feministak eta ekologistak, aniztasunaren eta errefuxiatuen aldeko mugimenduek, ekonomia sozial eraldatzaileak, inklusioaren eta giza eskubideen aldekoek, ezkerreko alderdi eta mugimendu politikoek…

Hortaz, “Maltzaga ondoren, zer?” galderari, hala erantzungo nioke nik: burujabetza sozial eraldatzailea aldebakartasunez eraikitzen joan, indarra metatzen joateko, aldaketa nahi dugun mugimendu sindikal, sozial eta politikoen artean bide-orria adostuta.

Martxan jarri. Korrontea sortu. Denborarekin, agian, korronte horrek indar nahikoa hartuko du, eta orduan, beharbada, Maltzaga berpiztu egingo da, Katalunian bezala. Nork daki, ez gara igarleak. Garrantzitsuena, orain, prest gaudenak abian jartzea da.

Kontu handiz ibiltzeko garaiak

dantzaleku

Saiatuko naiz kontua ongi azaltzen. Ez da erraza. Oso onak dira. Zaila da kontatu nahi dudana zuri helarazteko modua aurkitzea, badakit, dantzalekuan ondokoarekin hitz egitea bezain zaila. Musika pintxatzen duen DJ-a, gainera, beraiena da: musika erraza, itsaskorra, bolumena topera, eta jende guztia dantzan. Begirada batekin, keinu batekin ulertuko bagina, ederra litzateke, baina ez da kasua: hitzak behar ditut. Garrasika has ninteke, baina orduan jende gutxiagorengana helduko nintzateke. Oihuka xehetasunak galtzen dira, eta esan nahi dudanak fintasuna eskatzen du. Esfortzua egingo dut, dena den, egin nahi dutena oso larria delako. Esango didazu amaitzen duzunean merezi izan duen edo ez.

Enpresa kultura berriaz hitz egiten dute; langileen parte hartzeaz; proiektu amankomunetaz. Nork ez du enpresa kultura berria nahi! Nork ez du langileen partaidetza sustatu nahi! Nork ez du proiektu amankomun batean parte hartu nahi! Eta ezagutzaren ekonomiaz, ekintzailetzaz, teknologiaz, lehiakortasunaz, berrikuntzaz, aldaketa etengabeaz. Eta sindikatuak traba direla. Noiz ez dira traba izan?

Sindikatuek, sortu zirenetik, gogorarazten diote kapitalari, “aizu, gu pertsonak gara, gu ez gara erreminta hutsa, ez gara makina bat; guk duintasuna dugu, eta kolektiboki antolatzeko gaitasuna, zure itsukeriari mugak jartzeko, gizatasuna mozkinen gainetik ezartzeko”. Enpresa medio bat da, bizitza helburu.

Hortaz, gure buruari egin behar diogun beste galdera da: zeinentzat da traba sindikatua? Zeinentzat da kaltegarria langileak kolektiboki antolatzea? Zeinentzat mesedegarria? Hau esaten dut hainbat enpresetan kultura berria ezartzeko, langileak behartzen dituztelako sindikatuei uko egitera; ukatu egiten zaie kolektiboki antolatzeko aukera.  Eta badakizu horrek zer esan nahi duen, ikastolako patioaz oroitu: baloiaren jabeak erabakitzen du penaltia izan den ala ez, gola izan den ala ez; burua makurtu beste erremediorik ez duzu jolasten jarraitu nahi izanez gero.

Beraz, enpresa kultura berri bat bai, langileen partaidetza bai, eta proiektu amankomunak bai, baina bermatuz, beti, langileak sindikatuetan kolektiboki antolatzeko aukera. Bestela, proposamenak, ustel usaina izan dezake.

Bada beste klabe garrantzitsu bat, esaten diren hitzak, politak eta ederrak, benetazkoak diren edo beste intentzio maltzurrago batzuk ezkutatzen dituzten jakiteko. Kontuan izan, langileen lan- eta bizi-baldintzak, beti, beti, langile mugimendu antolatuaren indarrak hobetu dituela. Sindikatuek, berek, kooperatibak zituzten bere garaian, indartsu zirenean. Orduan patronalak ez zuen hitz egiten langileen partaidetzaz, kultura berriaz, proiektu amankomunetaz. Orduan, Francok, agintea armaz hartu zuenean, sindikatuak debekatu eta kooperatibak itxi zituen, patronalak negozioa egiten jarraitu zuen bitartean.

Oraingoan, geure buruari egin behar diogun galdera da: proposamena nork eta noiz egiten du?. Patronalak egiten badu, langile mugimendua oso ahuduta dagoenean… zeren bila dabil benetan? Hori gutxi ez eta Eusko Jaurlaritzak berak bat egiten du proposamen pozoindun honekin, jabetu gabe (edo jabetuta) langileentzat ekar dezakeen arriskua. Kontu handiz ibiltzeko garaiak dira, oso indartsu daude eta!

Baina ez da hori guztia. Gainera Urkulluk esaten digu erralitatetik kanpo gaudela! Diot nik, Adegik Arantxa Tapia hezi duen bezala, Tapiak Urkulluri ere pasako ziola management berriko liburu sorta ederra. Guru guztiek diote enpresek aurrera egin dezaten, langileok dugun guztia bertan eman dezagun, ez diogula gure ametsei uko egin behar, kontrakoa, gure ametsak betetzeko jardun behar dugula buru-belarri lanean, gure gaitasun guztiak zukutuz, halaxe etorriko omen da benetako berrikuntza. Horixe bera egiten saiatzen gara gu sindikatuan, eta Urkullu ere horretan zebilela uste genuen. Baina ez, errealitatetik kanpo omen gaude. Ezin dugu amestu eta eraikitzen saiatu bizitza ekonomiaren zentruan jarriko duen eredu bat; langileak pertsona duin gisa tratatuko dituena, gizon eta emakumeak berdintasunean biziko diren bidezko mundu iraunkor bat helburu. Imajina dezaket Urkullu, aurreko mende amaieran Steve Jobs-i esanez “ordenagailua, telefonoa, eta argazki/bideo kamera poltsikoan eramango dugula hemendik urte batzuetara?” Edo Artur Masi esanez, Zapatorerokin estatutua ezkutuan cepillatzen ari zenean, “2017an independentzia lortzear izango zaretela?” Edo Uxue Barkosi berari ETBko aurkezle lanetan zebilenean, “Nafarroako lehendakari izango zarela?” Zatozte errealitatera!

Kontua da garrantzitsuena borondatea dela gauzak aldatzeko orduan, erabakimena. Ez da nahikoa, badakit, baina ezinbestekoa bai. Esan dezakegu bi taldetan bereiz ditzakegula gizarte eta eragileak: gauzak beste era batera egin daitezkeela sinisten dugunak, eta gauzak ezin aldatu direnez dagoena onartzera behartutak gaudela uste dutenak (edo interes ezkutu batzuk tarteko hori diotenak). Badira langile mugimendua aliatutzat duten kooperatiba eta ekintzaileak, langile klase kontzientziatik, lan eta ekintza kolektiboaz kapitalismoa gainditu nahi dutenak, ekonomia sozial eraldatzailearen eta solidarioaren inguruan adibidez. Eta badira ekintzaile eta kooperatibak, sindikatu eraldatzaileak etsaitzat jotzen dituztenak, patronalaren kontzientzia dutenak, eta sistema kapitalistan, bertan, lehiakorrak izatea (ez da gutxi) beste helbururik ez dutenak.

Guk, nola ez, lehen ereduarekin egiten dugu bat, eta dugun erronka elkarlan hori lantzen joatea da. Iazko Alternatiben Herrian hortan saiatu ginen. Jaurlaritza bigarren taldean kokatu da. Patronalaren enpresa berriaren diskurtso tranpatia bere egin du, eta bide horretan traba egiten dien sindikatuak desagerrarazi nahi ditu. Hortxe kokatu behar da uztailaren 22an “Elkarrizketa sozialeko” mahaian sinatu zuten akordioa. Diote lan erreformaren aurka daudela. Negoziazio Kolektiboa blokeatua dago patronalak ez dituelako sinatu nahi lan erreforma mugatzen saiatzen diren klausulak dituzten hitzarmenak. Hori konpontzeko erabaki dute gutxiengoan sinatzen diren hitzarmenak, erreforma mugatzeko klausula gabekoak, hau da, lan erreforma onartzen dutenak, sustatzea, langileek hauteskundeetan aukeratu dutena mespretxatuz. Hau da, gutxieneko arau demokratikoak urratzeaz gai, aurka omen dauden lan erreforma zabalduko dute Euskal Autonomi Eskidegoan.

Ez dakit jabetu diren sinatu dutenaren larritasunaz. Badirudi ezetz, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala dabiltza guztiak. Baina kontua oso, oso larria da. Honi gehitzen badiogu enpresetan patronalaren ikuspuntuko “kultura berria” ezartzeko lana egingo dutela buru belarri, oso kontuz ibiltzeko garaiak dira. Garai larriak benetan.

Ez dakit langileok bizi dugun arriskua ongi azaltzen lortu dudan. Saiakera, behintzat, egin behar nuen. Esango didazu lortu dudan…

Marmotaren eguna

gm51

Testu hau Gai Monografikoak 51: Burujabetzara bidean argitalpenaren sarrera da

Oroitzen dut, atzerrira joan eta euskalduna nintzela esaten nuenean, bi erreakzio mota jasotzen nituela parean nuen pertsonaren arabera: konplizitatea Estaturik gabeko nazio batekoa bazen, eta gurasokeria bere Estatua zuen norbait zenean. Are gehiago, eskoziarrek eta katalanek mirespenez begiratzen ninduten; portugaldarrek, suediarrek, italiarrek, alemaniarrek… barkatu egiten zidaten kaikukeria, interneten garaian burujabetzaz hitz egiten jarraitzea…

Denbora aurrera doa, gauzak aldatzen dira, eta hemen gaude gu mirespenez begira Eskozia eta Kataluniara, eta hor ditugu greziarrak, ingelesak, frantsesak, holandarrak… burujabetzaz hitz egiten. Krisiaren gauzak. Baina kontuz, soberanismo guztia ez baita eraldatzailea. Itxaropenean eraikitzen den soberanismo progresistaz gain, bada beldurrean oinarritutako soberanismo bat: kontserbadorea. Eta zabaltzen ari da

Dena aurrera doa, bai, baina hemen estatutu berriaz eta aldebikotasunaz hitz egiten jarraitzen dugu, marmotaren egunean. Gauza bat da ekonomia zirkularra, sustatu behar dena, eta beste bat politika zirkularra, beti puntu berberera itzultzen dena. Komenigarria da ez nahastez.

Non gaude? Zer gertatu da azken 40 urtetan? Zer lezio ikasi ditugu? Nola eraiki burujabetza espazioak? Zer ari dira egiten munduko beste leku batzuetan? Non da aldaketaren motorra? Gobernuan dago? Gizarte mugimenduetan? Beharrezkoa al da Estatua izatea? Nahikoa al da?

Galdera hauek, eta gehiago, genituen buruan “Burujabetza nazionala eta auzi soziala” jardunaldiak antolatu genituenean ekainean Gasteizen. Bertan ezagutu genituen Solonek Bolivian, Arrufatek Katalunian eta Berhocoirigoinek Iparralden ateratako irakaspenak. Estatu egiturak berebiziko garrantzia dute, bai, baina azpimarratu zuten ahalegin berezia egin behar dela gizarte mugimendu autonomoa indartzeko eta burujabetza espazioak sortzeko, proiektu zehatzak eraikiz komunitatetik komunitatearentzat.

Lasagabasterrek euskal autogobernuaren (galeraren) errepaso historiko bat egin zuen, eta Madrilen jarrera Canadak Quebec-ekin izan zuenaren ispiluan konpaartu zuen: kontrako poloak. Madrildik zerbait espero dezakegu? Erantzun borobila eman zuen: “hemen ez du inork negoziatu nahi. Baina badakizue, askatasuna eta eskubideak ez dira oparitzen, hartu egiten dira.”

Puntu honetan Apaolazak, Etxartek eta Eskisabelek pista batzuk eman zizkiguten gehiengo zabala lortuko duen mugimendu soberanista bat eraikitzen joateko, abertzaletasunetik haratago, eta giza eskubideak, justizia soziala eta demokrazia bezalako balio unibertsaletan oinarrituz.

Amaiera Muñoak jarri zuen ELAren azken 40 urteetako ibilbidearen errepasoa eginez, sindikatuaren birfundaziotik hasi (III. Kongresua, 1976) eta aurrera begira ditugun erronka nagusiak marraztuz, bi bereziki azpimarratuta: genero parekidetasuna eta justizia klimatikoa.

Burujabetza nazionala eta auzi soziala txanpon beraren bi aldeak dira, ez zirkuluaren koadratura. Madrilekin aldebikotasun ezinezkoa egiaztatuta, zein beharrezkoa den zirkulu honetatik ateratzeko bide orri bat definitzea, gutxieneko amankomunak definituz. Gai Monografiko honek horretan lagunduko duela espero dugu. Zirkula beza.