Iritsi da Hego Euskal Herriko elitearen lehen argazki bat

Atzo aurkeztu genuen Donostian “Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa” liburua. Hego Euskal Herriko eliteen eta unibertsitateen arteko harremana aztertzen du  Jon Diaz Egurbide EHUko irakasleak zuzendu eta Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek elkarlanean argitaratu dugun liburuak. Ikerketa egiteko ‘Elitist Britain 2019‘ ikerketaren metodologian oinarritu da EHUko ikerlari taldea eta, administrazio publikoek jarri dituzten zailtasunak zailtasun, elitearen goi mailako 5.500 lanpostuak betetzen dituzten 3.953 pertsonetatik, 2.806ren curriculumak lortu dituzte. Bereziki zaila izan zaie Osakidetzako goi karguen datuak biltzea: soilik karguen %49,5arena eskuratu dituzte.

Izenik ez jartzea erabaki den arren, nahi adina datu mamitsu aurkituko dituzue liburuan Hego Euskal Herriko eliteari buruz. Esaterako, EAEn 100.000 euro baino gehiagoko errenta jasotzen duen biztanleria ez da %1era iristen eta 60.000 euro baino gehiago jasotzen duena %4koa da. Asko? Gutxi?

Niri azpimarragarriena hau iruditu zait: Deuston ikasten duen unibertsitate-ikasle kopurua %13ra iristen ez den arren, Eusko Jaurlaritzaren goi kargu eta enpresa publikoetako buruen %43 inguruk ikasi duela bertan. Enpresa pribatuetako buruetan datu hori mantentzen da.

Deigarria egin zait ere Nafarroako unibertsitateko ikasleen %54ak Universidad de Navarran ikastea. Nafarroako parlamentuan eta Foru Gobernuko goi karguetan ehuneko hori bera errepikatzen da, baina Osasunbidean kopuru hori %70ra igotzen da.

Argi ikusten da goi mailako lanpostuetan unibertsitate pribatuan ikasi duten pertsonen kopurua unibertsitate publikoan ikasi dutenena baino handiagoa dela. Hego Euskal Herriko eliteak unibertsitate pribatua erabiltzen du bere boterea erreproduzitzeko. Demokraziaren ikuspegitik oso kezkagarria da hori, Jule Goikoetxeak maiz aipatzen duen demokraziaren pribatizazioaren erakusgarri baita, eta azterketak erakusten duen azken urteotako joerak ez gaitu, ere, asko lasaituko: azken zortzi urteotan, EAEn, unibertsitate publikoak ikasleen %7a galdu baitu unibertsitate pribatuaren mesedetan.

Datu ugariez gain, liburuak badu bigarren zati “literarioago” bat: EHUko irakasle doktore eta katedradun desberdinek (Paulo Iztueta, Ane Larrinaga, Iñaki Antiguedad, Joseba Agirreazkuenaga, Josu Amezaga, Iñaki Zabaleta, Gurutze Ezkurdia, Angel Bidaurrazaga…) Euskal Herriko Unibertsitatea, Osakidetza, Osasunbidea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Gobernua, Foru Aldundiak, lau hiriburuetako udalak, enpresa publiko guztiak, Euskal Kulturgintza, goi mailako kirola eta arte mundua aztertu dituzte.

Liburua hemen duzue eskuragarri. Goza ezazue!

Utzi iruzkina