Kooperatibak eta sindikatuak: helburua, arriskua eta erronka

IMG_8607_w-1024x683Argazkia Lanki-ren webgunetik hartua

Herenegun Lankik Atxabaltan antolatutako Autoeraketa Topaketetan izan nintzen. Topaketa biziki interesgarria, bai eduki zein formatuan. Joan Subirats-ek hitz egin zuen lehenik (hemen Argiako Estitxu Eizagirreren kronika eta Gorka Juliok Berria-n idatzi zuen artikulua).

Ondoren testigantza pertsonalez betea etorri zen bertso saio moduko mahai inguru bizi eta sentituaz gozatu ahal izan genuen Naroa Elortza orkestra zuzendari paregabearen erritmora. REASeko Carlos Askunze, Argiako Estitxu Eizagirre, Olatukoopeko Beñat Irasuegi eta Fagorreko Joxean Alustiza aritu ziren puntuka.

Ondoren zenbait eragileri hitz batzuk esateko eskatu zitzaigun. Niri sindikatu eta kooperatiben inguruan hitz egitea egokitu zitzaidan. Hemen dituzue hitzok:

Eskatu zait sindikatu eta kooperatibez hitz egitea (ez da lehen aldia). Niretzat gai oso interesgarria denak, beste batzuentzat morboa dauka, are gehiago, batzuk sindikatu eta kooperatibak kontrajarri egiten dituzte. Iruditzen zait zuhaitzak basoa ikusten galarazten dietelako egiten dutela hori, zeren eta  bai sindikatu zein kooperatibak langileek autoeratutako proiektuak dira. Eta ez soilik hori, Euskal Herriko lehen kooperatibak sindikatuenak ziren, Frankok beraiekin amaitu zuen arte, sindikatuak debekatuta.

Hortaz, eta labur esateko, kooperatiba eta sindikatuak helburu, arrisku eta erronka berak ditugu.

Helburua: ekonomia demokratikoa, gure bizitza eta ekonomia kapitalaren atzaparretatik erauzi. Hori indar-harreman kontua da, baina ez da zuri ala beltz den auzi bat, continuum bat baizik. Hau da, ekonomia demokratikoagoa egiten duen proiektu bakoitzak izugarrizko balioa dauka.

Badakigu zer zaila den proiektu bideragarri, baliagarri eta iraunkorrak eratu eta iraunaraztea. Indar guztiak xahutzen ditugu proiektuaren biziraupenean; are gehiago legeak aldatzen dituztenean zurekin akabatu asmoz (gure kasuan lan erreforma). Baldintza horietan izugarrizko arrakasta da zure komunitatearentzat hobekuntzak lortzen dituen proiektua martxan izatea, eta ez da gutxietsi behar: gure proiektua bizirik mantentzeko egunero egiten dugun lanak balio ikaragarria dauka.

Arriskua: sindikatua afiliatuentzat eta ingurukoentzat baliagarriak izatera mugatzea edo kooperatiba kooperatibistentzat eta ingurukoentzat baliagarria izatera mugatzea, sistema barruan. Oasi bat desertuan, babesgunea oihanean. Eta arriskua muturrera eramanda: sistemak sindikatua edo kooperatiba beretzako integratzea. Hortxe dago arriskua, bertan goxo gelditzean. Kapitalarekin dugun borrokan (indar-harremana) gure proiektua martxan izatera mugatzea.

Eta arrisku horrek marrazten digu Erronka: ekonomia demokratikoa bilatzen dugun proiektu autoeratuek, eta esan dut sindikatua ere proiektu autoeratua dela, kapitalaren aurrean indarra metatu, saretuz, geroz eta demokratikoagoa den sare ekonomikoa ehunduz, ekonomiaren zentrotik kapitala erauzi eta bertan bizitza iraunkorra ezartzeko. Horretan asmatzean dago gakoa.

Eta publizidadearekin amaitzeko: esperientzia baliagarria izaten ari da Urriak 24rako sindikatu eta eragile eraldatzaileak antolatzen ari garen Alternatiben Herria. Gonbidatuak zaudete antolakuntzan eta egunean bertan parte hartzera.

Tagged: , , , , , , , , , , ,

9 thoughts on “Kooperatibak eta sindikatuak: helburua, arriskua eta erronka

  1. […] Kooperatibak eta sindikatuak: helburua, arriskua eta erronka […]

  2. Joxemari Muxika Arrieta 9:23 am uztaila 21, 2015 Reply

    Kaixo:
    Zure interbentzioa zuzenean entzun nuen. Esndakoekin ados nago. “Langileek autoeratutako proiektuak” dira sindikatuak eta kooperatibak eta ekonomia demokratizatze bidean oso antzeko xedea dute, langileen ongizatea garatzea soldata duinak eta enplegua ugalduz. Horrela izanik, niri galdera hauek sortzen zaizkit:
    -ba aldago sindikatu eta kooperatiben artean harreman egonkorrik?
    -afiliatzen al dira kooperatibistak sindikatuetan?
    -zer egitasmo dauka sindikatuak kooperatibistentzako?
    Jardunaldian ez nuen aukerarik ikusi galderak egiteko eta erantzunak jakiteak poztuko luke kooperatibista ohi naizen hau. Kafe bat hartuaz hitz egiteko aukerarik izan ote genezake?
    Ondo izan.
    Joxemari Muxika

    • unaionederra 1:39 pm uztaila 21, 2015 Reply

      Mila esker Joxemari! Nahi duzunean elkar gaitezke kafetxo bat hartzeko. Eta gaur, egunean zehar tarterik topatzen badut erantzungo dizkizut galderak atsegin handiz. Egongo gara 🙂

    • unaionederra 4:26 pm uztaila 21, 2015 Reply

      -Harremanak kooperatibekin: kooperatiba nagusiekin ez dugu harremanik. Fagorren itxieran Fagor pean zeuden soldatapeko langileen baldintzak negoziatzen oso esperientzia txarra izan genuen. Guk harremanak ekonomia sozial eraldatzailean dabiltzan kooperatibekin hasi dugu harremana, Olatukoope sarean daudenekin. REAS sarean daudenekin ere. Fiareko eta Goienerreko bazkide gara era berean.
      – Ezin jakin kooperatibistak afiliatzen diren edo ez. Kooperatibetako zenbait langile bai, baina ez dakit kooperatibistak diren. Nire uste afiliatzen diren kooperatibistak (baten bat ezagutzen dut) ideologiagatik egiten dute eta ELA eraladaketarako instrumentu bezala ikusten dutelako. Hori da nire irudipena behintzat.
      – ELAk ez du egitasmorik koopertibistentzako, kooperatibistekin eta kooperatibekin izatea gustatuko litzaioke, Kapitalak eskuetatik eta logiketatik kanpo dagoen ekonomia sare alternatiboa ehuntzen joateko. Eta bilatzen ditugun harremanak kooperatiba eta kooperatibistekin ildo horretatik doaz. Errepublika garaian langileen beharrak asetzeko sindikatuek berak sortu zituen sare horiek. Egun badaude proiektu desberdinak zentzu horretan lan egiten. Sare hori indartzean ikusten dugu dagoela erronka, lan erreformari erantzuteko prekarizatuak beren lan postuetan antolatzeko daukagun lan eskergarekin jarraitzen dugun bitartean.
      Boteprontoan etorri zaizkidanak hauek. Jarrai dezakegu hitz egiten hemen edo kafe baten aurrean.
      Ongi izan!

  3. Naroa 5:15 pm uztaila 21, 2015 Reply

    Kaixo Joxemari eta Unai.
    Plazer bat zuen bion arteko elkarrizketa jarraitzeagatik.
    Uste dut Unai ondo deskribatu duzula gaur egungo egoera, eta Joxemarik oso galdera pertinenteak egin dituela.
    Blogean eta Puntua aldizkarian nioen orain dela aste pare bat, geure bailaran bereziki bada sindikatuekiko ezagutza eta aurreiritzi sorta. Era berean, sindikatuetan ere badira mito eta ezjakintasun handiak. Autoeraketa topaketan bereziki garrantzitsua iruditu zitzaidan Unairen testigantza mahai gainera ekartzea, eraldaketa soziala bilatzen dugun eragileok lankidetzan aritzea, beste aukerarik ez baitugu.
    Harreman gatazkatsuak gaindituz (eta Unai, akaso FEDen aferan azaleratu ziren azken aldiko bortitzenen), behartu behar genituzke elkartzeko guneak. Baina ez hori soilik. Ahalduntze prozesu bat izan beharko da kooperatibako langileen (bazkide edo ebentual, kooperatibista edo ez-kooperatibista) eta sindikatuko delegatu eta afiliatuen artean.
    Jarraituko dugu hitz egiten, neu ere kafe horietarako prest.
    Ondo izan!

    • unaionederra 6:00 pm uztaila 21, 2015 Reply

      Ze kitzikagarria diozuna: Ahalduntze prozesu bat izan beharko da kooperatibako langileen (bazkide edo ebentual, kooperatibista edo ez-kooperatibista) eta sindikatuko delegatu eta afiliatuen artean. Earra!

  4. Naroa 7:33 am uztaila 22, 2015 Reply

    Esperientzia propiotik diot, bi iritziak entzun ditudalako. “Sindikatuek nahi duten bakarra kooperatibetan boterea izatea da” (eta ziur bat edo beste izango dela), eta kooperatiben ereduari eta sindikatuekin duen harreman ideologiko buruzko erabateko ezezagutza, bi aldetan.

  5. Joxemari Muxika Arrieta 8:47 am uztaila 23, 2015 Reply

    Nire eskarmentua hau da:
    Sindikalista nintzala enpresa arruntetik kooperatiban lana egitera pasa nintzen. Aldaketa itzala. Beste batzuekin batera eta denbora luzez bietan ekintzaile izana naiz, enpresan soldatapeko huts izatetik enpresako erabakietan parte izatera pasatuz.
    Kooperatiban sindikatuaren errebindikazioak garatzea posible zela ezarri genuenetakoak ginan.
    Zerk lertu zuen ekintza? Ba sindikatuak ez zuen onartzen kooperatibako langileek euren asanbladan hartzen zituzten erabakiak. Eta kooperatibako zuzendaritzari ez zitzaion gustatzen kooperatibista-sindikalisten indar antolakuntza.
    Poz gutxi ematen zuen sindikalgintza bihurtu zen.

  6. unaionederra 10:21 am uztaila 23, 2015 Reply

    Nik egin dudanaren hausnarketa desberdina da hau. Kooperatiba eta sindikatuen arteko lankidetza eta aliantzaz ari nintzen, ekonomia sare alternatiboa eraikirze aldeta. Zuk diozuna sindikatuak kooperatiba barnean lukeen zentzuaz, zereginaz hausnarketa da. Hortaz hitz egitea interesgarria eta garrantzitsua da era berean, kooperatiba batean sindikatua dagoenean, praktikan, zer zailtasun sortzen diren. Sindikatuak zer funtzio bete behar du kooperatiba batean? Behar al da sindikatua kooperatibetan? Kooperatibistak antolatzeko sindikatua tresna baliagarria da langile asko dituzten kooperatibetan ala nahikoa da Kontseilu Soziala? Nola defendatu kooperatibetan kooperatibista ez diren langileen lan-baldintzak? Zer arazo, zer gatazka sortzen dira kooperatiba bereko kooperatibista eta ez koperatibisten artean? Egin beharreko hausnarketa, dudarik gabe. Oso emankorra izan daiteke gure elkarrizketa! Joseba Villarreal gonbidatuko dut gure kafetxora ere. Ea ahal duen!

Utzi iruzkina