Espiritualtasunaz eta Mendebaldeko kristautasunaren etorkizunaz

Alma, buscarte has en Mí,
y a Mí buscarme has en ti.
María Teresa de Jesús
(atzo Felix Azurmendiri entzuna)

Atzo Azkoitiko parrokian mahai inguru batean parte hartu nuen. Bertan esandakoak dakartzat hona:

Egun on guztioi eta mila esker gonbidapenagatik.

Espiritualtasunaz hitz egiteko deitu zidaten Azkoitiko parrokiatik. Email bat jaso nuen eta ondoren Nereak Machadok deitu zidan. Espiritualtasunaz jardunaldi batzuk egiten ari zinetela, Jon Sarasuak nire izena eman ziela, Arantzazun orain urte batzuk ere hitz egin nuela gaiaz, eta ea animatuko nintzen nire testigantza ematera.

Ea, ni ez naiz espiritualtasunaz hitzaldiak ematen dituen guru bat. Ez naiz hain modan dauden autolaguntza liburuak idazten dituen aditu bat. Ikusten duzuenez, eta ikusiko duzuenea zuek bezalako pertsona arrunt bat naiz. Donostian jaioa, familia sinisdun, egonkor eta ekonomikoki lasai bizi ahal izan duen batean, praktikamente bizitzan dena emana jaso dut, eta bizitzan asmatzen eta zoriontsu izaten saiatu naiz.

Hau dena horrela izanda ere, baiezkoa eman diot hitzaldia emateari, kusten duzuenez, Zergatik? Sekretutxo bat esango dizuet: hitzalditxo hauek prestatzean asko ikasten delako.

Arantzazun galdetu zidaten ea nire konpromiso sozialak eta espeiritualtasunak bazuten loturarik. Ni ELA sindikatuko militantea naiz, eta horregatik egin zidaten galdera hori. Erantzuna oso erraza eta laburra da: bai, jakina, ni ELAko militantea naiz nire espiritualtasunagatik. Baina ideia hori 15 minututan garatzea eskatu zidaten.

Hortaz, hitzaldia prestatzeko, atzera begira jarri nintzen, nire bizitza errepasatu nuen, eta bizitako urteetako ibilbidearen interpretazio bat egin nuen, espiritualtasunaren ikuspegitik. Nire bizitzaren kontakizun bat osatu nuen. Ez balidate hitzaldi hori ematea eskatuko, ez nuke halakorik egingo sekula, agian. Eta egia esan, oso ariketa onuragarria izan zen. Horregatik eman nien eskerrak Sarasua eta konpainiari. Eta horregatik ematen dizkizuet eskerrak zuei ere Nerea eta Felix gonbidapen hau egiteagatik.

Gaia antzekoa da, baina galderak apur bat aldatu dira: Nola bizi duzu espiritualtasuna? Da lehena. Eta “nolako kristautasuna nahi zenuke etorkizunean?” bigarrena.

Nereak deitu zidanean, egin nuen lehen gauza izan zen Arantzazuko hitzaldira jo, balio zidan jakiteko. Hartu nuen lehen sorpresa ikaragarria izan zen: bost urte pasa dira jada ordutik! Nolakoak gainera! Azkena batez ere…

Lehen galderari Arantzazuko hitzaldia laburtuta erantzungo diot. Eta bigarrenari lehenengoaren erantzunetik tiraka helduko diot, aipatuko ditudan espiritualtasunaren fase desberdinak aplikagarriak iruditzen zaizkidalako bai indibidualki (lehen galdera) zein kolektiboki (bigarrena). Ea nola ateratzen den…

Nola bizi dut espiritualtasuna? gauzak asko sinplifikatuz, eta modu arbitrarioan, nire espiritualitatearen ibilbidea hiru fasetan banatu dut. Eta fase bakoitza, niretzat funtsezkoak izan diren liburu banarekin lotu dut. Hona ekarri ditut hiru liburuak zuek ikus ditzazuen:

  1. El proyecto de Jesus (Jose Maria Castillo)
  2. Las bienaventuranzas (Adolfo Chercoles)
  3. Espiritualidad desde abajo (Anselm Grün)

Errepikatu nahi dut, hiru faseena sinplifikazio bat da, erabaki guztiz arbitrarioa, nire bizitzaren milaka interpretazio posibleetik bat. Nik zuei kontatzeko erabaki dudana, baliagarria izango delakoan. Hauek dira hiru faseak:

1. ESPIRITUALTASUNA BEGI ITXIEKIN. Jaiotzatik (1973) Bartzelonako olinpiadetara doana (1992) gutxi gora-behera.

2. ESPIRITUALTASUNA BEGI IREKIEKIN, baina ESPIRITUALTASUNA GOITIK. Ez kezkatu oraingoz fase bakoitzari jarri diodan izenaz. Joango naiz gauzak azaltzen lasai egon horregatik. Fase honen amaiera 2009an jarriko dut, kakotxa guztiekin.

3. ESPIRITUALTASUNA BEHETIK.

Fijatu zaitezte hirugarren eta azken fase honetan ez dudala jarri espiritualtasuna begi irekiekin. Zergatik? espiritualtasuna atzera bueltarik gabeko garapen prozesu bat dela uste dudalako. Behin pantaila bat pasata (orain esaten den moduan), ez duzu berriz atzera egiten. Horregatik ez diot berriz jarri BEGI IREKIEKIN hori, behin begiak irekita, ezin baitira berriro itxi (espiritualki diot…).

I. fasea: Espiritualtasuna begi itxiekin

Fase honi Espiritualtasuna begi itxiekin deitu diot. Izen hau Chércoles jesuitari hartu diot, Bienaventuranzas ikastaroan entzun bainion. Berak zioen begi itxiekin otoitz egiten dugunean gauza eder eta elebatuak esaten ditugula “munduan denak anai-arrebak gara, pertsona guztiak berdin maite ditut…”, baina behin begiak zabalik ditugula “hori ez dut hainbeste maite…” hasten gara. “Hori ere ez… eta, ufa, hango hura ezin dut jasan!”.

Espiritualtasuna begi itxiekin da, espiritualtasun narkotiko bat, errealitate zikinetik urruntzen gaituena, gure baitan, goxo-goxo, biltzen garenean bizi duguna. Baina espiritualtasun horrek ez du zerikusirik gure eguneroko bizitzarekin, erritu batzuk kenduta. Gure eguneroko bizitza, kasu honetan, ez du espiritualtasunak gidatzen, beste balio terrenalek baizik.

Garai horretako adibide bat jartzearren: Antiguako parrokiako aisialdi taldeko begiraleak ginen. Gauza pila egiten genituen umeekin, baina, noizean behin airean gelditzen zen galdera bat sortzen zen bileretan: saioren bat egin beharko dugu fedeari buruz ezta? Eta denak ixilik. Guretzat egiten genituen jarduera horiek guztiej ez zuten fedearekin zerikusirik. Gauza bat zen egiten genuen guztia, eta beste gauza bat fedea. Gauza separatuak balira bezala.

Genuen zulo hori konpontzeko, teologia eskola deitu geniona sortu genuen, gure artean teologo bat genuela aprobetxatuz. Hor irakurri eta komentatu genuen liburu hau (Castilloren El proyecto de Jesús). Begiak ireki zizkidan.

II. Fasea: Espiritualtasuna goitik begi irekiekin

Liburu hau irakurrita ikusi genuen Jesusek bazuela proiektu bat. Bazuela eguneroko bizitzarako proposamen bat. Proposamen hori Jainkoaren erregetza da, eta gutaz eskatzen duena da ahal dugun guztia egitea zapalduen, pobretuen, herri-xehearen bizimodua hobetzeko. Imajina dezakezua, gu bezalako gazte kementsu batzuek hori entzunda, burubelarri sartu ginen zeregin horretan: guk konpondu behar genituen munduko problema guztiak.

Orain gutxi jakin dut jarrera honi, nik garai honetan nuenari, indibidualismo heroikoa deitzen zaiola. Nik, hitzaldirako, espiritualtasuna goitik deitu diot. Izen hau Anselm Grün-en liburutik hartu dut. Zer da espiritualtasuna goitik? Ebanjelioaren araberako “ni ideal” bat egiten dugu buruan, super yo moduko bat, eta burubelarri saiatzen gara, gure esfortzu hutsean sinistuta, hori lortzen. Honek badu Egotik asko, demostratzen saiatzen baikara, gu inor baina koherenteagoak garela.

Espiritualtasun honek gidatuta erabaki desberdinak hartzen joan nintzen urteetan zehar (etxegabeekin boluntariotza, uda desberdinetan misiotara, enplegua utzi eta Eritreara joan, berriro enplegua utzi eta umeak zaintzeko eszedentzian hasi…). Dena ondo joan zitzaidan 2009an krisian sartu nintzen arte. Berriro ere fundamentuzko enplegu bat behar nuen, diru-sarreren premiagatik. Baina konturatu nintzen aurreko urteetan hartutako erabakiek enpresa munduan ateak itxi zizkidatela. Irakaskuntzan egin nuen saiakera bat eta gaizki atera zitzaidan, sufrimendu dezente eragin zidan eta zuloan utzi ninduen.

Horrela amaitzen da nire espiritualtasunaren bigarren fasea. Hondoratua, lur jota, zapuztuta.

III. Fasea: espiritualtasuna behetik

Ordura arte nire buruaz egin nuen idealizazio horren bila ibili nintzen, nire esfortzu hutsean sinistuta, behin eta berriro pareta berdinarekin joz: nire mugekin, nire akatsekin, nire huts egiteekin. Halaxe ibili nintzen, urte luzeetan, porrotak ispiluaren aurrean jarri ninduen arte.

Hondoan zaudenean Jainkoaren aurrean, makurtzea besterik ez zaizu gelditzen. Hutsala sentitzen zara, oso txiki, ez zara ezer egiteko gai. Horregatik gauzak besteen eskuaetan uzten dituzu. Eta inguruan maite zaituen jendea izateko zortea baduzu, konturatuko zara esku honetan zaudela. Horrek eraman zaitzake intuitzera Jainkoak guztiz ulertze ez duzun modu batean eragiten duela, beste pertsona askoren bitartez.

“Nik ezin dut, baina Berak bai”. Umiltasun ikastaro horrekin eta Jainkoagan konfiantza berri bat izanda, goiko espiritualtasunak ezartzen dizun karga astuna arintzen zaizu, Panorama aldatzen da. Norabide bera da, baina ibilbide desberdin asko daude, eta lagunduta zoaz. Horixe da espiritualtasuna behetik, zulotik, gure miseriatik, gure ezinetik, gure ahuleziatik, konfiantza osoa Beragan jarrita.

Bada, justu momentu horretan, irakaskuntzako lana utzi, eta baju nengoenean, gutxien espero nuenean, etorri zitzaidan ELAn lan egiteko eskaintza. Eta bai esan nuen.

Horra, laburbilduta, espiritualtasuna nola bizi izan dudan: begi itxietatik begi irekietara, eta goitik behera.

Nolako kristautasuna, etorkizunean?

Nirea kontatu ondoren galdera zailari erantzutea tokatzen zait. Nolako kristautasun nahi nuke etorkizunean? Badu zentzua galderak, gutako bakoitzaren espiritualtasuna ezinezkoa baita komunitaterik gabe. Fedea norbaitek kutsatu digu. Jesusen berri urtez urte, mendez mende, norbaitek trasmititu du. Gure kristautasuna taldean elikatu dugu, taldean partekatu dugu, taldean ospatu dugu. Eta orain, Mendebaldean behintzat, bidegurutzen batean gaudela dirudi.

Esan dizuet kristautasunaren etorkizuna irudikatzeko lehen aipatu dizkizuedan hiru faseak erabiltzen saiatuko nintzela. Ea ba…

Mendebaldeko kristautasuna ez al dago krisi egoeran? Ez al du Elizak bere indar propioan sinistuta boterea hartu, eta botere hori erabiliz Jainkoaren erregetza gauzatzen saiatu? Ez al gaitu horrek, hain justu, gauden zulora eraman Mendebaldean? Eta ez al du honek lehen azaldu dizuedan bigarren faseko amaieraren antz handia?

Egoera honetan kristautasunak bi bide har ditzake:

Kristautasunak, beldurrak eraginda, atzera egin dezake. Begiak ixtera itzuli daiteke, eguneroko bizitza eta fedea guztiz banatzera. Eguneroko bizitza kapitalak gidatutako teknikaren esku utziz eta fedea sentimendu goxo, misteriotsu, pribatu eta lasaigarri batera mugatuz, bere arau, erritu eta legeekin.

Baina egoera honetan ere, lehen ikusi dugun moduan, gure ezinek, gure ahultasunak agerian utz diezaguke Jainkoak badituela guk ezagutzen ez ditugun bideak bere erregetza lortzeko.

Agian kristautasuna ez da masa erlijio bat izan behar. Legamia edo gatza izatera deitu zigun Jesusek. Kopuru txiki batek masa osoan izan dezake eragina. Baina nola? bizitzeko eta ekiteko moduak kutsatuta.

Agian kristaua etorkizunean eguneroko bizitzan Jainkoaren erregetze bilatzen duena izango da. Bere dohain eta bokaziotik errealitatea eraldatzen buru belarri arituz, bere helburuekin bat egiten duten beste batzuekin, sinisdunak izan edo ez. Baina berak ondoren, otoitzean eta komunitatean eguneroko bizitza hori Jainkoaren hitzarekin aurrez aurre jarri eta bizitzen ari dena erlijiosoki interpretatzen duena.

Prekaritatea, pobrezia, desberdintasunak eta heriotza hedatzen dituen sistema honetan, korrontearen kontra ibiliko dena, eta zailtasunak zailtasun, lan egiteko motibazioa, zentzua, indar eta alaitasuna komunitatean hartuko duena.

Eta agian komunitate horrek diskurtsoa berrituko du, barne kritikak aberasgarritzat hartuko ditu, bere instituzioak demokratizatuko ditu, bere baitan genero parekidetasuna sustatuko du, bai egituretan, bai lidergo ereduetan, bai aginte zein lan banaketetan.

Esan dut bi bide har ditzakeela kristautasunak Mendebaldean bizi dugun ataka honetan. Nik bigarrenaren alde egiten dut, baina seguruenik Jainkoak bi bideak hartuko ditu. Eta ezagutzen ez ditudan beste asko ere…

Aurrera egin itxaropenak gidatuta

Lukas eta Mateok kontatzen digutenez Jesusek esan zuen (Lk 12, 29-31): “Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena. Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

Fijatu zaitezte kapitalismoak esaten duen justu kontrakoa dela. Kapitalismoan esaten zaigu: bila ezazu zure interesa eta gainontzekoa etorriko da gehigarri. Hemen ez, hemen esaten da bila ezazu gaizkien daudenen bizimodua hobetzea, eta gainontzekoa Jainkoak emango dizu gehigarri.

Gauzak ondo joan zitzaizkidan bitartean, hala ibili nintzen ni, baina zulora erori nintzenean, duda egin nuen. “Orain arte sinistu dudan guztia gezurra bada? Eta “beste hori gehigarritzat”emango dizun Jainkorik ez bada?” Baina, hara! Zurrunbilo horretan nengoela, hor azaldu zen, gutxien espero nuen tokitik, helduleku berri bat.

Kristautasuna ere olatu gainean ibili da azken mendeetan, bere boterean sinistuta. Baina orain krisian dago Mendebaldean, hondoa jota. Nola aterako gara bertatik? Nik nahi nukeena da begiak irekita eta behetik ateratzea. Ez dezagula, beldurrak paralizatuta, atzera egin; Jainkoan dugun konfidantzak emandako itxaropenak gida gaitzala aurrera, Jesusen proiektua gauzatzera.

BIBLIOGRAFIA

  • CASTILLO, Jose María-ESTRADA, Juan Antonio. El proyecto de Jesús (1994, Ed. Sígueme)
  • GONZÁLEZ-CARVAJAL SANTABÁRBARA, Luis. Los cristianos del siglo XXI (200, Ed. Sal Terrae)
  • TORRES QUIERUGA, Andrés. Fin del cristianismo premoderno (2000, Ed. Sal Terrae)
  • VALADIER, Paul. Un cristianismo de futuro (1999, Ed. PPC)
  • DELUMEAU, Jean. El cristianismo del futuro (2006, Ed. Mensajero)
  • GRÜN, Anselm-DUFNER, Meinrad. Una espiritualidad desde abajo (2012, Ed. Narcea)
  • CHÉRCOLES, Adolfo María, SJ. Las Bienaventuranzas, corazón del Evangelio (2014, Ed. Mensajero)
  • MIFSUD, Tony, SJ. Una espiritualidad desde la fragilidad (2015, Ed. Mensajero)
  • ZANZIG, Thomas. El corazón transformado (2018, Ed. PPC)
  • PAPA FRANCISCO. Tierra, techo, trabajo (2021, Ed. Altamarea)

Tagged: , , ,

Utzi iruzkina