Espiritualtasuna eta konpromiso soziala: testigantza bat

img_20170218_124432

Larunbatean Arantzazun izan nintzen, Espiritualtasuna XXI-Agoran, espiritualtasuna eta konpromiso soziala mahai inguruan parte hartzera gonbidatu nintuden eta. Hemen nire interbentzioa:

Saio honekin hasi aurretik ohar garrantzitsu bat: nik ez diot inori leziorik eman nahi. Hemen gaudenok nahikoa bizi izan dugu, akatsek, ahuleziek, ditugun mugek berdintzen gaituztela jakiteko. Esperientziak erakutsi digu. Nik hemen nire bizipenak partekatu ditut zuekin, hori egitea eskatu didatelako. Eta momenturen batean harrokeria punturen bat sumatzen baduzue, lotu ezazue nire ahuleziarekin, mesedez.

Hori esanda has gaitezen: galdetu zidaten ea nire konpromiso sozialak eta nire espiritualtasunak zer zerikusi zuten. Alegia, ni ELA sindikatuan aritzeak ba ote duen loturarik nire espiritualtasunarekin. Erantzuteko ez ditut 15 minutu behar. Esaldi bakarrean esan dezaket: ni ELAn aritzea nire espiritualtasunak azaltzen du.

Donostiako Antiguako familia egonkor batean jaio nintzen. Bertan jaso nituen maitasuna, heziketa, egonkortasuna, babesa, gaitasunak, baliabideak, fedea, bokazio jakin bat… Jainkoak oparitu zidan guzti honetatik abiatuta, bizitzan egokitu zaizkidan zirkunstantzietan erabakiak hartzen joan naiz, batzuetan kontzienteki, arrazoiturik, beste batzuetan jakin gabe zergatik. Baina beti izan dut galdera bat buruan: zertarako jarri nau hemen Jainkoak? Zer nahi du nitaz? Nire erabakiak galdera horren erantzuna izaten saiatu dira.

Jakina, galdera horrek hamaika erantzun posible ditu norberak duen fedearen edo espiritualtasunaren arabera. Eta espiritualtasuna ez da estatikoa, dinamikoa baizik. Aldatuz doa adinarekin. Niri, behintzat, hala gertatu zait.

Baikor jarrita, esango nuke espiritualtasuna atzera bueltarik ez duen garapen prozesu bat dela. Mailak igotzen zoaz, eta behin bat igota, ez duzu atzera egiten. Hau eztabaidagarria izan daiteke, badakit, baina esan dizuet ikuspegi baikorra hartu dudala.

Nire prozesua, gauzak asko sinplifikatuz, hiru fasetan banatu dut, fase bakoitza, niretzat funtsezko izan izan diren liburu banarekin lotuz. Hona ekarri ditut hiru liburuak zuek ikus ditzazuen:

  1. El proyecto de Jesus (Jose Maria Castillo)
  2. Las bienaventuranzas (Adolfo Chercoles)
  3. Espiritualidad desde abajo (Anselm Grün)

Errepikatu nahi dut, hiru faseena sinplifikazio bat da, erabaki guztiz arbitrarioa, nire bizitzaren milaka interpretazio posibleetan zuei kontatzeko erabiltzea erabaki dudana. Hauek dira hiru faseak:

1: ESPIRITUALTASUNA BEGI ITXIEKIN. Jaiotzatik Bartzelonako olinpiadetara doana gutxi gora-behera.

2: ESPIRITUALTASUNA BEGI IREKIEKIN, baina ESPIRITUALTASUNA GOITIK. Izenen jatorria eta esanahia joango naiz azaltzen, lasai egon horregatik. Fase honen amaiera 2009an jarriko dut, kakotxa guztiekin.

3: ESPIRITUALTASUNA BEHETIK.

Esandakoa. Hirugarren fasean ez dut esan espiritualtasuna begi irekiekin, behin begiak irekita, ezin baitira berriro itxi…

I. fasea: Espiritualtasuna begi itxiekin

Fase honi Espiritualtasuna begi itxiekin deitu diot. Izen hau Chércoles jesuitari hartu diot, Bienaventuranzas ikastaroan entzun bainion. Berak zioen begi itxiekin otoitz egiten dugunean gauza eder eta anpulosoak esaten ditugula “munduan denak anai-arrebak gara, denak berdin maite ditut…”, baina begiak zabaltzen ditugunean hasten gara esaten: “hori ez dut hainbeste maite… hori ere ez… eta, hango hura gorroto du!”. Espiritualtasuna gure baitan, goxo-goxo, biltzen garenean bizi dugu, baina eguneroko bizitzarekin zerikusirik ez du. Eguneroko bizitzak ez gaitu espiritualtasunak gidatzen, beste balio terrenalek baizik.

Antiguako parrokiako aisialdi taldeko begiraleak ginen. Ekintza, jolas, dinamika, kanpaldi, elkarbizitza mordoa egiten genituen. Bileretan, ordea, noizean behin airean gelditzen zen galdera bat sortzen zen: saioren bat egin beharko dugu fedeari buruz ezta? Isiltasunak harrapatzen zuen gela. Guretzat egiten genituen gauza guztiek ez zuten zerikusirik fedearekin Gauza desberdinak ziren.

Genuen zulo hori konpontzeko, teologia eskola deitu geniona sortu genuen, gure artean teologia ikasia zuen Xabi Anza genuela aprobetxatuz. Hor irakurri eta komentatu genuen liburu hau (Castilloren El proyecto de Jesús), begiak ireki zizkiguna.

II. Fasea: Espiritualtasuna goitik begi irekiekin

Liburu hau irakurrita ikusi genuen Jesusek bazuela proiektu bat. Bazuela eguneroko bizitzarako proposamen bat. Eta proposamen hori pobretuak erdigunean jartzetik abiatzen zela. Imajina gaitzakezue, deskubrimendu hori eginda, edozertarako prest ginen gazte nekaezinak: motxilak bete genituen goraino eta Everest igotzen hasi ginen, oxigeno gabe.

Kalean esertzen hasi ginen etxegabeekin, pobreekin, baztertuekin. Ez genuen Caritaseko boluntario izan nahi, horiek txikikeriak ziren. Lagunak egin genituen. Beraiekin hitz egin, xakean jolastu, eta pare bat aldiz mendira ere joan ginen. Misioetara joatea ihes egitea iruditzen zitzaidan, hemen egiteko hainbeste gauza egonda! Iritzi hori izan nuen Ekuadorrera hilabeterako joatea proposatu zidaten arte…

Ekuadorren hilabete, gutxi zen, noski. Hurrengo urtean neskarekin joateko aukera nahi nuen, eta hara joan ginen biok. Baina Hegoamerika ere gutxi zen, Afrikara joan nahi nuen. Hilabete ere oso laburra zen, urte bete egin nahi nuen Afrikan. Gure enpleguak utzi eta Eritreara joan ginen 2001ean neska eta biok, Caritasen proiektu batekin. Imajinatu guraso gaixoak! Orain aita naizela hobeto ulertzen ditut… Esaten zidaten: “baina ,nolatan utzi duzue enplegua? zer gertatuko da etortzen zaretenean?”. Noizbait esana zidan amak: “egiten dituzun gauza horiek, kaleko jendearekin ibiltzea-eta, oso ondo daude, baina zergatik egin behar dituzu zuk?”. Iritsi zitzaidan ere gertuko batek esan zuena nitaz “bai, Unai beti izan da apur bat infantila…”.

Orain gutxi jakin dut jarrera honi, nik garai honetan nuenari, indibidualismo heroikoa deitzen zaiola Nik espiritualtasuna goitik deitu diot. Izen hau Anselm Grün-en liburutik hartu dut. Zer da espiritualtasuna goitik? Ebanjelioaren araberako “ni ideal” bat egiten dugula buruan, super yo moduko bat, eta gure erronka ideal hori lortzea izango da, gure esfortzu hutsean sinistuta. Badi honek Egotik asko, demostratzen saiatzen baikara, gu inor baina koherenteagoak garela.

Espiritualtasun mota hau ez nuen Eritrean utzi. Handik bueltan neskak eta biok lana aurkitu genuen berehala. Ni joan aurretik Ikerlanen nenbilen, proiektu batean, eta spin off enpresa bat sortu zen proiektu horrekin. Bertan hasi nintzen lanean. Lan polita zen eguzki bidezko aire girogailu bat garatzen ari ginen. Lantalde jatorra genuen, lan-baldintza onak, I+G-ko buru nintzen… Baina banuen kezka bat barruan. “Zeinentzat ari gara egiten produktu hau? Ez da aldirietan bizi diren pobreentzat. Ezta, gu bezala, pisu baten bizi direnentzat. Produktu hau txaletetan bizi diren aberatsentzat da.” Ordurako lehen alaba jaioa zen. Nik murrizketa hartu nuen, eta bigarrena jaio zenean, lantegia Arrasatetik Basaurira pasa zutela aprobetxatuz, urte beteko eszedentzia eskatu nuen umeak zaintzeko.

Hor hasten dira, 2005ean, ahaztuko ez ditudan lau urte zoragarri. Umeak zaintzeaz gain, Caritasen boluntario ibili nintzen eta Erlijio Zientzietako hainbat ikasgai ikasten aritu nintzen. Urte beteko eszedentzia amaituta, aukera desberdinak ireki zitzaizkidan. Fundazio batean hasi nintzen nazioarteko lankidetzan etxetik. Ikerlanek proiektu baterako hartu ninduen, autonomo gisa. Caritasen ere proiekturen bat ematen zidaten… Etxetik lan egiten nuen batez ere, ordutegi guztiz malguarekin, hiru umeak zaintzeaz gain, banuen denbora ere beste zenbait gauza egiteko. Baina amaitu zen Ikerlaneko proiektua. Krisia, ere, iritsi zen eta Fundazioa pikutara joan zen. Caritaseko proiektutxo bat besterik ez zitzaidan gelditzen, eta gure aurrezkiak amaitzen ari ziren. Fundamentuzko enplegu bat bilatzen hasteko garaia iritsi zen. Curriculuma eguneratu, eta han hemen bidali nituen.2009 urtea zen, eta ni zulora eramango ninduten bi gertaera jazo ziren.

Lehenik, sekula ahaztuko ez dudan lan-elkarrizketa bat Giroa energia enpresan. Hainbat denbora hitz egiten egon ondoren, esan zidan parekoak: “Un curriculum muy interesante… pero… ¿quién me asegura a mí, que si te cogemos, dentro de un año no te vas a ir a Etiopía?”. Hortxe ikuso nuen ate batzuk itxi zitzaizkidala betirako.

Oroitzen dut egun hartan bertan, edo hurrengoan, nire testigantza eman behar niela gazte batzuei. Halakoetara deitzen ninduten noizean behin, eta nik beti esaten nien entzuleei, “zuek bilatu ezazue beti gustokoen duzuena, saiatu topatzen gehien betetzen zaituzten lan hori, nahiz eta horretarako arriskatu behar izan. Beti sortuko zaizkizue aukera berriak. Hori izan da nire esperientzia behintzat”. Baina aldi hartan esan nien hori esan. Aldi hartan esan nien: “hori hala zela uste nuen, baina orain dudak ditut”, eta gertatu zitzaidana kontatu nien. Hitzaldira deitu zidan lagunak esan zidan: “badakizu zer den hori? gurutzea”.

Ate hori itxita irakaskuntzan probatzea erabaki genuen. Irungo La Sallen lan egiteko deitu zidaten. Lanbide Heziketan. Mekanizatua eman behar nuen. Inoiz ikasi ez dudan gai bat. Berdin zuen, ikasteko liburu mordoxka eraman nituen etxera. Baina esan zidaten ere aurreko maisua ez zegoela, eta aurten unitate didaktiko berria egin behar nuela ikasgairako. Nik galdetu nien: “zer da unitate didaktiko bat?”. Amildegia zabaldu zitzaidan nire azpian. Lorik ez, dardarka esnatu, oso gaizki jarri nintzen. Lortu nuen lehen asteko eksolak prestatu eta ematea, baina asko pentsatu ondoren, uztea erabaki nuen Ez nuen hilabete bat iraun.

Hortxe amaitzen da nire espiritualtasunaren bigarren fasea. Hondoratua, lur jota, zuloan.

III. Fasea: espiritualtasuna behetik

Zure buruaz egin duzun idealizazio horren bila zabiltza, zure esfortzu hutsean sinistuta, behin eta berriro pareta berdinarekin joz: zure mugekin, zure akatsekin, zure huts egiteekin. Halaxe ibili nintzen ni urte luzeetan, porrotak ispiluaren aurrean jartzen ninduen arte.

Zuloan zaudenean, Jainkoaren aurrean, umil, makurtzea besterik ez zaizu gelditzen. Zure kabuz egin nahi zenuena egiteko gai ez zarela jabetuta, hondoan zaudela, beste baten eskuetan zaude. Konfiantza jartzen duzu, zure gainetik dagoen horretan, eta intuitzen has zaitezke, guztiz ulertu ezin dezakegun modu batean eragiten duela espirituak, beste pertsona askoren bitartez.

Gainean duzun karga astuna arindu dezakezu, eta esker onez, umil, bere esku onetan gaudenaren konfiantzaz, aurrera segi, gure hondar alea egiten saiatuz. Horixe da Espiritualtasuna behetik, zulotik, gure miseriatik, gure ezinetik, gure ahuleziatik, konfiantza osoa beragan jarriz.

Bada, justu momentu horretan, Irungo lana utzi eta gutxira etorri zitzaidan Xabi Anzaren eskaintza: “Manu Robles-Arangiz Fundazioan pertsona bat behar dugu, nahi zenuke?” 2003tik neraman ELAn afiliatua, alternatiba eraikitzeko proiektua ezinbestekoa iruditzen zitzaidalako. Inoiz pasatu izan zitzaidan burutik, gustura ibiliko nintzela bertan, baina ez nuen uste aukerarik izango nuenik. ETa hara, eskaintza. Bilbora joan beharko nuke egunero, baina probatzeak merezi zuen. Baiezkoa eman nuen, eta orain arte.

Hau al da Jainkoak nitaz nahi duena?

Begi itxietatik irekietara, eta goitik behera. Hiru fase, hiru liburu.

Lukas eta Mateok kontatzen digutenez Jesusek esan zuen (Lk 12, 29-31): “Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena. Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

Aipatu dizuet duda bat izan nuela gazte horiei nire testigantza eman nienean. Duda izan nuen hondoa jo nuenean. Duda hori, oraingoz, joan zait.

Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari “infantila izan naizelako”, “ideala bilatzen saiatu naizelako”, nire bizitzako aukerak espiritualtasunarekin lotuta egiten saiatu naizelako.

Lanpetuta nabil, lanez lepo askotan, etxean ez naiz nahi beste egoten, eta zati okerrena emazteak eta seme-alabek daramatela esango nuke. Dena den gustura gabiltza, zoriontsu. Egiten dudana gustuko dut, eta “hau al da Jainkoak nitaz nahi duena?” galdera egiten diodanean nire buruari, oraingoz, erantzuna da: BAI.

Tagged: , , , , ,

1 thoughts on “Espiritualtasuna eta konpromiso soziala: testigantza bat

  1. […] Espiritualtasuna eta konpromiso soziala […]

Utzi iruzkina