Mundu amaiera, hilabete amaiera: borroka bera

Aritz Otxandiano Fagorreko kooperatibistak Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboaren arduradunaren txio bat erabiltzen omen du bere hitzaldietan, bere hitzetan, “oso erradikala den trantsizio ekosozial bat aldarrikatzen duzuela, eta zuen praxi sindikalean enplegua lehenesten duzuela beste guztiaren gainetik. Amildegi bat dagoela zuen posizio teoriko eta praxi sindikalaren artean” azaltzeko.

Ez dakit zeri buruzko hitzaldiak ematen dituen Aritzek, eta ez dakit zertarako zaion baliagarri hitzaldietan hori esatea, baina, printzipioz, niri, trantsizio ekosozial erradikala aldarrikatu eta praxian enplegua defendatzen duen sindikatua, hain justu, behar duguna dela iruditzen zait. Iparraldeko gure lagunek dioten bezala, radikal-pragmatikoak gara. Helburu edo begirada erradikala dugu, badakigu norantz goazen, baina errealitean lan egiten dugu. Masa sindikatuak, eta gauzak eraldatzeko ezinbestekoa da masa sindikatua izatea, hala beharrez abiatu behar du langileen behar materialetatik. Berhoko handiak zioen moduan: hobe da hamar pertsonek urrats bat egitea, pertsona batek hamar urrats egitea baino. Biziki gomendatzen dizuet Mixel Berhocoirigoinen trebakuntzak biltzen dituen “Mendi gain lerroan” liburua.

Nire ustez, Aritzek dionaren gakoa azken esaldian dago. Amildegi bat (omen) dago gure posizio teoriko eta praxi sindikalaren artean. Diskurtsoaren (izan nahi duguna) eta praktikaren (egiten duguna) artean beti dago tarte bat. Diferentzia horri tentsio kreatiboa deitzen zaio, eta, justu, tentsio kreatibo hori da aurrerantz eramaten gaituena. Galeanok azaldu zigun utopiak zertarako balio duen, aurrera egiteko.

Gerta daiteke, dena den, posizio teorikoa eta praktikoa bata bestearengandik hain urrun egonda, biak lotzen dituen soka apurtzea. Diskutso eta praktika lotzen dituen soka apurtzen bada, ez dago aurrera egiterik. Esango nuke, Aritzek, amildegi hitza erabiltzen duenean, hori esan nahi duela.

Kontua da Aritzek aipatzen duen amildegi hori non dagoen: errealitatean ala bere buruan? Izan daiteke Aritzek gure praxi sindikala ez ezagutzea. Edo sindikalismoa bera, ere, ez ulertzea. Mondragoneko kooperatibistei, askotan, sindikatuak oso arrotz egiten zaizkie. Are, askok ezin dituzte ikusi ere egin. Hortaz, horrek, agian, eragina izan dezake. Ikus dezagun.

ELAk trantsizio ekosozialaren inguruan urteetan egin duena azaltzen saiatuko naiz, eta aztertu beharko dugu ea denborarekin aurrerantz egin dugun, geldirik gauden ala atzerantz goazen. Aurrerantz bagoaz esango nuke demostratuta gelditzen dela tentsio kreatiboaren soka ez dela eten. Goazen bada.

Sindikatuan, ingurumenaren inguruko lan pedagogikoa 1996ean abiatu zen, gaiari buruzko argitalpen eta hitzaldiekin. Iñaki Antigüedad, Iñaki Barcena, Helen Groom, Roberto Bermejo, Paul Nicholson, Esther Vivas, Yayo Herrero, Gorka Bueno…

2005ean Manu Robles-Arangiz fundazioa, ELAren fundazioa, Iparralden ezartzearekin batera, trantsizio ekosozialerako berebiziko garrantzia duten proiektuak (EHLG, Bizi!, Euskoa, Alternatiba, I-Ener, Enargia) martxan jartzen joan ziren.

2014ean sindikatuak, Bizi! mugimenduarekin batera, enplegu berdeen aldeko kanpaina egin zuen. Hegoalden 106.000 enplegu sor zitezkeen bidezko trantsizio ekosoziala eginez gero, eta Iparralden 10.000. Kanpaina hau enpresetara eraman genuen, ingurumenaren aldeko politikek enpleguak deuseztuko zituela zioen diskurtsoari aurre egiteko. Sektore iraunkorren aldeko apustu politiko eta ekonomikoak enpleguak sor zitzakeela zabaldu nahi genuen. Trantsizio ekologikoaren auziari heltzea, hain justu, langileentzako mesedegarria zela azaldu nahi genuen.

2013an Baionako Alternatiban parte hartu ondoren, EH-ko Eskubide Sozialen Kartatik Alternatiben Herriak antolatu genituen Donostian (2015), Bilbon (2015) eta Iruñean (2018). Euskal Herrian normaltzat hartzen dugun sindikatu eta mugimendu ekologisten arteko aliantza ez da batere ohikoa mundu mailan, eta balioan jarri behar da, oso garrantzitsua baita.

2010eko hamarkadan kanpaina egin genuen atez ateko zabor bilketaren alde, erraustegiaren aurka, AHT-ren aurka eta tren sozialaren alde… Eta hemen agian gako konplexuenean sartzen gara. Nola daiteke ELA AHT-ren aurka egonda, AHT eraikitzen ari diren langileen alde egotea? Nola egon daiteke AHT-ren aurka eta AHT-ko obren enplegua defendatu? ARGIAko Urko Apaolazak galdera bera egiten zion bere buruari, eta gaia aztertu ondoren, modu garbian azaldu zuen “ZULOAN: bidaia bat AHT eta lan esplotazioan barrena” liburuan eta liburua aurkezteko eman zituen hitzaldietan. Merezi du entzuteak.

2019an Talaios Kooperatibarekin lan bat hasi genuen, automozioaren krisiarekin (eta behin pandemia hasita, krisi orokorraren aurrean) sektore desberdinen birmoldaketak nolakoak izan behar zuten aztertzeko, beti ere Hego Euskal Herriak dituen behar eta nahiei erantzun eta bidezko trantsizio ekosozialarekin bat egiteko. Egindako hausnarketa lana liburu batean argitaratu dugu: “Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala”. Bertan teoria lantzen da (zer, nork, nola ekoitzi) baina garrantzitsuena hori praktikara eramatea da. Bidean goaz, eta poz handiz esaten dizuet, lehen adibidea, lehen praktika, abian jartzear dagoela datorren hilabetean. Izango duzue horren berri.

Iaz, Goienerrek, Europako proiektu baten barnean, energia komunitateen finantzaketaz hausnartzeko saio bat antolatu zuen Donostiako ELA sindikatuaren egoitzan, modu naturalean. ELA Goienerren dago, ELA Koop57-n dago, ELA Fiaren dago… Gure egoitzan egin zen bilera hartan gu ginen sindikatu bakarra. Energia komunitateen finantzaketaz ari ginen, baina bazegoen pertsona bat, bekozko ilunarekin, behin eta berriz gauza bera errepikatzen zuena: Euskal Herrian parke eolikoen kontrako jarrera dago. Horrekin tematuta zebilen, eta halako batean Holandako edo Erresuma Batuko batek, naturaltasun osoz eta irribarre batekin, esan zion: “baina, hori leku guztietan gertatzen da…” Gero jakin nuen: pertsona hori Aritz Otxandiano zen.

Eta amaitzeko, berriena, zuzen-zuzenean: Hego Euskal Herriko ekonomiaren trantsizio ekosozialerako ELAren proposamena. Ez dakit oso erradikala den, zuek epaitu (irakurri ondoren mesedez). Proposamen hau hiru federazioetan aurkezten ari gara (Gizalan zerbitzu publikoetako militanteei ostiralean aurkeztu genien Bizilur-eko David Lopategirekin batera; astelehenean Industria eta Eraikuntzakoei eta ostiralean Zerbitzuak zerbitzu pribatuetakoei azalduko diegu Yayo Herrerorekin batera). Saio bakoitzean 250 militante bilduko ditugu. Asmoa da proposamen honi federazio bakoitzak bere ekarpenak egitea, eta ondoren proposamen osatu horiek lan zentroetara eramatea, urrats zehatzak ematen hasteko. Horretan ari gara gaur-gaurkoz.

Hau guztia, modu kronologikoan irakurrita, esango nuke aurrerantz goazela, urratsak norabide onean ematen, gure muga guztiekin, baina aurrerantz. Nire iritziak, ordea, ez du balio, interesatua baita. Hemen interesgarriena zuek ateratzen duzuen ondorioa da: bidezko trantsizioa ekosozialaren aldeko borrokaeta enpleguaren aldeko borroka, bi borroka desberdin al dira?

Eta azken hitzak, zuretzat, Aritz: egin irribarre, irabaztera goaz eta. Hala gertatzen ez bada, lasai, bidezko trantsizio ekosozialaren porrota ez baita ELAren erruz gertatuko.

Tagged: , , , ,

2 thoughts on “Mundu amaiera, hilabete amaiera: borroka bera

  1. […] artean. Unai Oñederrari ez zaio baieztapen hau justua iruditu eta bere blogean egindako sarrera batean ELAk eremu honetan egin duena eta egiten ari dena azaldu du. Azalpen guzti horietan, baina, […]

  2. […] jarraitu nahi duzuenok hemen duzue nire lehen posta: Mundu amaiera, hilabete amaiera: borroka bera; eta hemen, Aritz Otxandianorena: ELA […]

Utzi iruzkina